ekonomia

Italiako Gobernuak dimisioa emango du, parlamentuak lan erreforma ez badu onartzen

Oraingoz, ez du legebiltzarreko talde nagusien erabateko babesik. "Herriarentzat" egindako erreforma dela esan du Lan ministroak, "ez sindikatuak, enpresak edo autonomoak gustura uzteko".

2012ko apirilaren 14a
17:52
Entzun

Elsa Fornero Italiako Gobernuko Lan ministroak iragarri du parlamentuak lan erreforma ez badu onartzen exekutiboak dimisioa emango duela. "Orain arte erreforma proposamenari buruzko kritikak jaso ditugu, alde batetik eta bestetik jaso ere. Gauza bat garbi dugu: legebiltzarrera joango gara proposamen honekin eta, ez bada onartzen, etxera joango gara".

"Herriarentzat" egindako erreforma dela esan du Lan ministroak, "orekatua, eta ez sindikatuak, enpresak edo autonomoak gustura uzteko egina. Lan merkatu ireki, integratzaile eta dinamikoan pentsatuta egina dago".

Gobernuak, oraingoz, ez du legebiltzarreko talde nagusien erabateko babesik erreforma onartzeko. Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren PDL Askatasunaren Herria alderdiak kontratazioan malgutasun handiagoa behar dela esan du. PD Alderdi Demokratak, berriz, arrazoi ekonomikorik gabe kaleratutako langileak berriro kontratatzeko bideak jartzeko galdegin du —gobernuak hori epaileen esku utziko du—.

Asteartean legebiltzarreko talde nagusiekin bilduko da gobernua, Erroman.

Italian langabeziak otsailean jo zuen goia: %9,3.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.