Europako Banku Zentralak (EBZ) bart jakinarazi du Italiaren eta Espainiaren zor publikoa erosiko duela, "herrialde horietako krisiak besteak kutsa ez ditzan". Baliteke gaur erostea zor hori.
Italiako enpresa garrantzitsuenetako 24 goi kargudun herrialdeak duen zor publikoaren zati bat erosteko prest daudela jakinarazi dute. Milano Finanza egunkarira bidalitako gutun batean azaldu dutenez, prest daude herrialdea ekonomia hondamendi batetik salbatzen laguntzeko. "Italiak gure laguntza behar badu, hemen gaude; ez gara ezer egin gabe geratuko herrialdea dirudik gabe nola geratzen den begira", esan dute Pirelli, Tod's eta Eni enpresetako ordezkariek, besteak beste.
Italiako bonuek nabarmen egin dute behera EBZk Italiaren eta Espainiaren zor publikoa erosiko duela iragarri duenetik.
Euroaren eremuko herrialdeetako zor publikoa erosteko plana maiatzean hasi zuen EBZk, eta orain "modu aktiboan" saiatuko da gauzatzen, Jean Claude Trichet bankuko presidenteak esan duenez. "Euroaren prezioaren egonkortasuna ziurtatu nahi dugu".
Italiako eta Espainiako gobernuek "egiturazko eta arlo fiskaleko neurriak" hartuko dituztela iragarri izanari "ondo" deritzo EBZk. "Izan ere, neurriok ezinbestekoak dira euren zor publikoa azkar jaisteko eta hango ekonomiaren lehiakortasuna eta malgutasuna lortzeko".
Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuko presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak Italiari eta Espainiari eskatu diete "azkar" gauzatzeko neurri horiek.
EBZko gobernu kontseiluak ezohiko bilera egin du bart, telefonoz.