Albiste txarrak Zamudioko ITP Aeroko lantaldearentzat. BERRIAk jakin duenez, zuzendaritzak 194 behargin kaleratu nahi ditu kontratuak hausteko erregulazio dosier baten bidez. 1.269 langilek dihardute aeronautika taldearentzat, eta lantalde horren %15,3 sartuko litzateke espedientean. ELA sindikatuak egunkari honi aurreratu dionez, kopuru horiek berretsiko dizkiete sindikatuei datozen minutuetan agiri idatzien bidez. Langileen ordezkariak eta zuzendaritza bilera batean daude Zamudion, eta espero zitezkeen aukeren artean «okerrena» jakinarazi du zuzendaritzak: 194 kaleratze.
Kaleratzen horietako gehienak, 101 hain zuzen, ekoizpenaren atalean gertatuko lirateke, eta beste 93, bulegoetan. Kaleratzeen kopuru zehatzak mahai gainean daudela, ELA sindikatuko ordezkariek «mobilizazioen garaia» dela esan dute, eta dagoeneko abiatu den lau eguneko greba sortan parte hartzeko garaia. Beste sindikatuek ez dute bat egin lanuzte deialdiekin. Atzo izan zen lehena; bihar da bigarrena, eta datorren asteko asteartean eta ostegunean izango dira beste biak. Ikusteko dago gaurko albisteen harira, greba deialdien egutegia aldatuko ote den.
«Espero dugu, kaleratzeak mahai gainean diren honetan, beste sindikatuek bat egitea ELAk deitutako grebarekin», esan du ELAko ordezkariak. Edonola ere, sindikalistak garbi utzi du ez dutela onartuko kaleratzeko dosierra, eta, beraz, mobilizazioarekin lotutako garaia abiatu dela.
Iragarritako kaleratzeak
Hegazkinentzako motorrak eta osagaiak ekoizten dituen Bizkaiko enpresak jakinarazi zuen uztailaren hondarrean guraizeak aterako zituela sektorearen krisiari erantzuteko: aurreratu zuen lantaldearen %15 murriztuko duela, eta enplegua mantentzeko gaur egun indarrean dauden ezohiko neurriak amaitzen direnean egingo zuela hori; udaren ondoren.
Rolls-Royce multinazionalaren jabetzakoa da ITP, eta guztira 4.000 langile inguru ditu Euskal Herrian eta beste sei herrialdetan: neurriak seiehun laguni eragingo lieke. Euskal Herrian lau planta ditu, Bizkaian denak: Zamudion, Derion, Sestaon eta Barakaldon. 1.900 behargin, guztira. Kontua da Rolls & Royce harremanetan jarri dela AEBetako Carlyle, Blackstone eta KKR funts handiekin, ITP Aero saltzeko, Erresuma Batuko prentsak argitaratu duenez, eta konpainiak berak ez du ukatu informazio hori. Esan du ez duela erabakirik hartu ITPren inguruan.
Sener euskal ingeniaritza konpainiak Rollsekin batera zabaldu zuen ITP, 1981ean, eta, 2016an, Erresuma Batuko taldeak Senerren %53,1 erosi zuen; geroztik, Rolls & Royceren jabetzakoa da ITP.
Aeronautika sektorea gogor jotzen ari da pandemiak eragindako krisi ekonomikoa, hegaldiak erdira baino gehiagora murriztu baitira mundu osoan. Hegazkinak lurrean daudenez, aire konpainiek eten egin dituzte inbertsioak, eta, hegazkin berriak saltzen ez direnez, sektorea gain behera doa. «Hainbat aukeraren hasierako zikloan gaude», esan du Rollseko arduradun batek; «balantzea sendotu behar dugu, baina ez dugu oraindik erabakirik hartu, gaur egun gure finantza egoera irmoa delako oraindik ere» .
Epaitegi batek aldi baterako erregulazioak baliogabetu ditu
ITP Aerok Sestaon eta Barakaldon dituen lantegietan ezarritako aldi baterako erregulazio espedientea baliogabetu du Barakaldoko epaitegi batek, LABek, CCOOk eta UGTk ezagutarazi dutenez. Irailaren 3an egin zen epaiketa langileen kontratuak eteteko formula horren aurka, eta epaileak ebatzi du ez dagoela arrazoi objektiborik aldi baterako lan erregulazio bat aplikatzeko. Horrek esan nahi du behin-behinean etendako kontratu guztiak indarrean jarri beharko dituela enpresak, eta, gainera, jaso gabe geratu diren soldatak pagatu beharko dituela.
ITPk udan iragarritako kaleratzeen aurrekoak dira Ezkerraldeko galdarategietan ezarritako aldi baterako dosier horiek, baina bertan behera utzi beharko ditu berehala. Horrek eragingo luke kaleratze prozesua azkartzea.