Kaleratzeak

ITPko 83 langileren geroa epaileen esku geratuko da datorren astean

Asteartean, epaiketaren egunean, greba egingo dute, eta protestara deitu dute. Zuzendaritzaren «mehatxuak» eta Jaurlaritzaren «babes falta» salatu dute.

ITPko beharginak, Barakaldoko lantegiaren aurrean ostiral honetan egin duten agerraldian. MONIKA DEL VALLE (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 23a
12:32
Entzun

Asteartean Euskal Herriko hegazkingintza sektorearen geroarekin loturiko beste kapitulu bat idatziko da epaitegietan. ITP Aero taldearen erregulazio espedientea aztertuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian. Kaleratutako 83 langileen geroa izango dute epaileek mahai gainean. Halakoak pilatzen ari zaizkie azkenaldian. Aurreko astean Aernnovaren espedientea aztertu zuten, eta ebazpenaren zain daude oraindik Berantevillako (Araba) plantako 82 langile.

Astearteko hitzordu garrantzitsuari begira, ITPko langile batzordeak 24 orduko greba antolatu du Barakaldoko eta Sestaoko PCBren fabriketan. «Elkarretaratze zaratatsu batera» deitu ditu kaleratutako langileak eta lanpostuetan jarraitzen dutenak, eta hara joateko eskatu die Bizkaiko Ezkerraldeko biztanleei ere. Kaleratze horiek eta inguruan izandako beste batzuk salatu nahi dituzte mobilizazioarekin. Bilboko epaitegien aurrean elkartuko dira, Albiako lorategietan, 09:30ean.

Protesta iragartzeko eginiko agerraldian, sindikatuek salatu dute enpresa COVID-19aren osasun krisia baliatzen ari dela horren aurretik jada zehaztuta zituen kaleratzeak egiteko. Uste dute argudiatutako arrazoi ekonomikoak ez direla benetakoak, ez direla egiturazkoak, enpresak esan duen moduan. Haien iritzian, hegazkingintzaren sektoreak bizi duen krisia koiunturala da, eta luze gabe buelta eman diezaioke. Sindikatuek salatu dutenez, kaleratzeekin produkzio kostuak gutxitu nahi ditu zuzendaritzak, eta enpresak izandako galerak egungo buruzagiek egindako kudeaketa txarrarekin lotu dituzte. Kaleratzeen erabakia «doktrinatzailea, mendekuzkoa eta alferrikakoa» dela nabarmendu dute.

Kaleratutako langileek asko dute jokoan astearteko epaiketarekin. EAEko Auzitegi Nagusiak hiru ebazpen posible eman ditzake: bidezko kaleratzeak direla erabaki, bidegabeak direla esan, edo espedientea baliogabetu. Azken hori emango balu, ITPk berriro hartu beharko lituzke langileak. Kaleratuen %80ri balio diezaieke kaleratzeak bidegabeak direla ebazteak; izan ere, kontratuan duten klausula baten arabera, kasu horretan langileak berak erabakiko luke enpresa utzi ala ez. Urte gehien daramaten kaleratutako beharginei eragingo lieke horrek, ondorengoen kontratuetatik kendu egin zutelako klausula hori.

Sindikatuen arabera, zaila da aurreikustea zer gerta daitekeen. COVID-19aren garaian erregulazio handi batekin loturiko aurrekari bakarra egon da: Gestamp taldearena, GTS eta Matricerias Deustotik kaleratutako 200 langileena. Epaileak ebatzi zuen kaleratzeak bidegabeak direla. Deliberatu zuen neurria ez zela ez arrazoizkoa, ez proportzionala, baina, hala ere, ez zuen indargabetu erregulazioa.

«Jarrera gupidagabea»

Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako beharginek eskertu egin dute «eragile sozial, politiko eta sindikal ugariren» partetik jasotzen ari diren babesa, baina salatu dute Eusko Jaurlaritzaren inplikazioari buruz ezin dutela gauza bera esan: «Gure egoerari enpleguaren defentsa eginez aurre egin beharrean, greba egun bakoitzean polizia dispositibo handi bat bidali zuen, borrokan ari ziren langileen aurka indarkeria erabiliz».

Batzordeak jakinarazi du gaur egun ere hara joaten direla poliziak, «enpresak eskatuta», eta, «hori gutxi balitz bezala», jakinarazi du zuzendaritzak ordezkari sindikal bat auzitara eraman duela. Greba mugagabean parte hartu zuten langileen aurkako «maniobrak» ere salatu ditu. «Lanpostuetan 15 urte baino gehiagoko esperientzia duten langileak mugitu dituzte».

ITPren historiako «zuzendaritzarik gupidagabeenetako bat» dela nabarmendu dute langileek. «Gure aurka modu diktatorialean jokatzen du, eta erabateko erantzukizun falta erakusten du enpresaren etorkizunaren aurrean». Gaur egun Rolls Royce da ITPren jabea, eta bi inbertsio funtsekin negoziatzen ari da enpresaren salmenta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.