Bilboko Portuaren eremu barruan kilometro erdi luzeko lantegi bat zabaldu dute gaur goizean, “etorkizunekoa” izango den sektore batera bideratutakoa, gainera. Damaso Quintana Haizea Wind enpresako administrazio kontseiluko presidentea da, eta itsasoko egitura eolikoak ekoitziko dituen “Europako lantegi handienetariko bat” izango dela aurreratu du. 77.000 metro karratuko azalera duen lantegia izango da, eta, nahiz eta une honetan bertan 50 langile dabiltzan beharrean, 2018. urtea amaitzen denerako 300 izatera iritsiko direla aurreratu du Quintanak.
Lantegia errealitate bihurtzeko, 60 milioi euroko inbertsioa egin dute erakunde publiko eta pribatuek, eta urtean 100 edo 160 milioi euroko fakturazioa izatea aurreikusten dute lantegitik. Gaur goizean inauguratu dute lantegia, eta bertan agintari politiko ugari egon dira, tartean Iñigo Urkullu lehendakaria. Hitza hartu duenean itsasoko energia eolikoak duen nazioarteko dimentsioa azpimarratu du, eta gogora ekarri du “Euskadi sektore horretan puntan” dagoela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 100 enpresa daude energia eolikora bideratuta, eta urtean 7.000 milioi euroko fakturazioa lortzen dute. Horregatik, Haizea Wind bezalako lantegi batek sektorea bultzatzeko balioko duela espero du.