Lehorreko haize energiaren sektoretik itsasokora jauzi egitera doa Gamesa, eta jauzia Erresuma Batuan egingo du. Atzo jakinarazi zuenez, datozen lau urteetan 150 milioi eurotik gora inbertituko ditu han, zentro teknologiko bat eta haize errotentzako palak fabrikatzeko lantegi bat eraikitzen. Erresuma Batuko portuak erabiliko ditu itsasoko energiari lotutako logistika operazioak garatzeko ere, eta haietatik gertu jarriko ditu haize erroten mantenurako zerbitzuak.
Horiek horrela, Gamesak Londresen izango du bigarren egoitza, eta handik kudeatuko du itsasoko haize energiaren negozioa. Proiektu berriak zuzenean 1.000 lanpostu eta zeharka beste 800 inguru sortuko dituela ziurtatu du konpainiak.
Jorge Calvet presidentearen arabera, Erresuma Batuak eskaini dizkien erraztasunengatik erabaki dute hara joatea. «Itsasoko haize energiaren inguruan plan handizaleak ditu; atzerriko inbertsioak babesten ditu, eta oso portu garrantzitsuak ditu».
David Cameron lehen ministroaren hitzetan, «pozgarria» da Gamesak eta beste enpresa batzuek erakutsi duten konpromisoa, lan merkatuari, ekonomiari eta energia garbiei bultzada emango dietelako. Itsasoko haize energiaren merkatuan lehenak izan nahi dutela adierazi du, gainera, eta horretarako euren esku dagoena egiten ari direla. «Azpiegitura egokiak izateko, inbertsio garrantzitsuak egiten ari gara».
Itsasoko energiaren egoitza Londresen jarriko du Gamesak
Zentro teknologiko bat eta palak fabrikatzeko lantegi bat ere eraikiko ditu Erresuma Batuan, 150 milioi inbertituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu