Jose Saramago hil zen egunean, itsutasunari buruzko entseguaren bigarren astea idatzi dute akzio azokek eta, bereziki, Ibex-35 (+%2,22) indizeak. Bi asteren buruan ia %12 berreskuratu du, eta ia 10.000 puntuen langara iristear da. Atenas, Madril eta Lisboako setioa abiatu zenetik, itsukeriak gidatu du akzio azokaren danbatekoa, eta itsukeria izan ote den susmoagatik edo, irabaziekin idatzi ditu entseguaren azken esaldiak. Aukera eta gerokoen epemuga izateak, salerosketa altua eragin zuen: 3.662 milioirena, ohiko merkatuan. Bankinter (+%13,6), Popular (+%7,6) eta Sabadellen (+%5) poza izugarria izan zen, Espainiako bankuak stress analisien emaitzak A caverna-tik atera eta argitaratuko dituela jakinaraztean. Erresuma Batuan are gehiago hedatuko den Santander (+%3,63) eta BBVA (+%5,6) ere poztu ziren, Espainiako banka ez baita Europako lehiakideak beste bizi izan Terra de pecado batean. Gainontzean, berri gutxi eta lasaitasuna.
G20ko kideei hazkundea sustatzeko planak mantendu ditzaten eskatuko die Barack Obamak. Zor krisia bizi duen Europan, ordea, Alemania da bere zorra zinez merke saltzeko ahalmen handia duen Euroguneko herrialde ia bakarra. Gainontzekoek euren defizitak tentu handiz zaindu beharko dituzte. Eta Erreserba Federaleko buru ohi Alan Greenspanek atzo bertan gogorarazi zuenez, AEBek ere zorpetzeko ahalmen mugagaberik ez dute. Munduko hartzekodun nagusia da Txina, baina hark ez du bere txanpona indartzeko pauso sendorik ematen.
Itsutasunaz entsegua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu