Itun ekonomikoa 2014ra arte berritu dute Madril eta Iruñeko gobernuek

BEZaren bilketaren gorabeherei aurre egiteko formula hitzartu behar izateak atzeratu du itunaren sinaduraNegoziazio «konplexua» izan dela onartu arren, akordioarekin pozik azaldu da Sanz

Elena Salgado eta Miguel Sanz, atzo, elkarri eskua ematen Madrilgo Ekonomia Ministerioan. BERRIA.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroak 2010etik 2014ra bitarte berritu du bere itun ekonomikoa. BEZ balio erantsiaren gaineko zergaren tartea delakoaren inguruko desadostasunak gainditu ondotik, asteon ados jarri dira Espainiako Gobernua eta Nafarroako exekutiboa. Atzo izenpetu zuten akordioa Elena Salgado Ekonomia ministroak eta Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak, Madrilen. Sanzek goraipatu zuen Itun Ekonomikoa berritzea «mesedegarria» eta «onuragarria» dela Nafarroarentzat, bereziki duela bi urte finantza publikoetan sortu zen desorekari muga bat jarri zaiolako hemendik aurrera. 2009. urtean, BEZaren bilketan Nafarroaren eta Espainiaren artean izandako desorekagatik 107 milioi euro gehiago ordaindu behar izan zizkion Nafarroako exekutiboak Espainiakoari.

Ekitaldia Ekonomia Ministerioaren Carlos III.a aretoan egin zuten. Bi gobernuetako ordezkari gorenez gain, bertan ziren Nafarroako ordezkari asko: Elena Torres Parlamentuko presidentea, Yolanda Barcina (UPN), Fermin Ziaurriz (NaBai), Roberto Jimenez (PSN), Pablo Archel (IUN) eta Jose Andres Burguete (CDN).

Bere hitzaldian, Sanzek ukatu egin zuen itun ekonomikoa pribilegio bat dela. «Espainiako Estatuko beste lurraldeekiko elkartasunaren instrumentu» dela defenditu zuen Sanzek. Batetik, Nafarroan kontsumoari lotutako diru sarrera handiagoen zati bat beste erkidegoetara itzultzen delako; bestetik, Nafarroak Espainiako barne produktu gordinari egiten dion ekarpena errentaren araberakoa delako eta ez biztanleen araberakoa. «Inondik ere ez da pribilegio bat, ezta batzuek dioten moduan zuzenbide arkaikoarekin zerikusia duen ezer ere. Itun ekonomikoa eskubide konstituzional bat da». Espainiarrek bere osotasunean Nafarroako autogobernuaren funtsa dela ulertzea nahi luke Sanzek.

Salgadok, berriz, defenditu zuen 2014ra bitartean itun ekonomikoak «egonkortasuna eta segurtasuna» emango diela Nafarroako finantza publikoei, eta, era berean, «Espainiako beste lurraldeekiko elkartasuna» beteko dela adierazi zuen.

Akordioaren puntu nagusietakoa BEZaren tartearen ingurukoa da. Nafarroako Gobernuaren ekimenez, foru erkidegoan BEZaren diru bilketak izan ditzakeen gorabeherei aurre egiteko aseguru gisa funtzionatzen du 1998tik tarte delako horrek. Gauza da kontrako joera ez zuela aurreikusi Nafarroak 1998. urtean: hala, 2009. urtean, Espainian BEZaren diru bilketak nabarmen egin zuen behera, eta Nafarroan, berriz, ibilgailuak zein etxeko tresna elektrikoak berritzeko emandako laguntzen ondorioz handitu egin zen BEZ bidezko diru bilketa. Sanzen exekutiboaren ezustea izan zen Espainiako Gobernuari pagatzeko unea iristean faktura nabarmen handitu zitzaiola BEZ tartearen ondorioz: espero baino 107 milioi euro gehiago.

Hori dela eta, itun ekonomikoa berritzeko negoziazioen garaia iritsita, horrelako kasuetan muga bat ezartzea exijitu zuen Nafarroak. Negoziazioak «oso konplexuak» izan direla onartu du Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak. Une batean Sanzek mehatxatu zuen tarte horrek Nafarroaren bideragarritasuna kolokan jartzen zuela.

Azkenik, BEZaren tarteari eustea baina urtero %40ko muga ezartzea hitzartu dute. Sanzek goraipatu du BEZaren bilketan izan daitezkeen desorekek ez dutela ezegonkortasunik eragingo orain kontu publikoetan eta zor merkatuetara jotzea erraztuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.