Ituna sinatu dute Mercedesen, baina langileek etzi berretsi beharko dute

Galdeketan langileek akordioa onartuz gero, VS20 furgoneta berria Gasteizko lantegian egingo dute 2024 arte

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Langileek dute hitza. Mercedeseko langileek etzi erabakiko dute ea zenbait sindikatuk enpresarekin egindako lan hitzarmena onartzen duten eta, beraz, VS20 furgoneta berria Gasteizko lantegian egingo den. Etzi egingo dute galdeketa lantegian, eta 20:00ak aldera jakingo dira emaitzak.

Mercedeseko zuzendaritzak atzo sinatu zuen datozen bost urteetarako lan hitzarmena UGT, CCOO, Ekintza eta USO sindikatuekin. Sindikatu horiek langileen %51 ordezkatzen dituzte (27 ordezkaritik hamalau dauzkate).

Enpresak eta sinatzaileek argudio nagusi bat erabili dute akordioa babesteko: onartzen bada VS20 furgoneta berria —Vitoren ordezkoa— Gasteizko lantegian egingo dela, eta horrek 2024 arteko lana bermatuko duela. Mercedesek 3.100 langile inguru ditu Gasteizko lantegian, eta 10.000k baino gehiagok lan egiten dute beretzat lantegitik kanpo.

Enpresarentzat, bere gustuko lan hitzarmena sinatzea ezinbesteko baldintza da VS20 furgoneta Gasteizen egiteko. Etorkizunera begira egindako akordioa dela eta egonkortasuna bermatzen duela nabarmendu zuen atzo Roberto Pastorrek, CCOOren ordezkariak. Pastorrek zehaztu zuen enpresak 170 milioi euro inbertituko dituelaGasteizko lantegian, eta 340 milioi euro ingurukoetan. Eta, «gutxienez» 300 langile kontratatuko dituela 2012tik aurrera. Lana antolatzeko malgutasun neurriak ere hitzartu dituzte, baina ez dituzte zehaztu.

ELA eta LAB, haserre

Enpresari «men egitea» leporatu diete ELAk, LABek, ESK-k eta CGTk akordioa sinatu duten sindikatuei. Akordioaren kontra bozkatzeko eskatuko diete langileei.

ELA, LAB, ESK eta CGT haserre daude, negoziazioetatik baztertu egin dituztelako eta akordioaren edukietan «ez dagoelako negoziazioen hasierako edukirik». Ez dute baztertu lan hitzarmena inpugnatzea.

Iñaki Anda LABeko ordezkariaren iritziz, akordioak ez du bermatzen Gasteizko lantegiaren etorkizuna, hori enpresaren eta salmenten esku baitago.

Akordioak poztu egin du Javier de Andres Arabako diputatu nagusia, Mercedesek Gasteizko lantegia Alemaniara eramateko aukera zuen arren lantegiari bertan eustea erabaki duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.