KUTXABANK

Iturberen ustez, Gipuzkoak egindako proposamena ez da "bideragarria"

Aurrerantzean ere Kutxaren kontrola publikoa izango dela ziur da Xabier Iturbe: "Zerbaitek kontrol publikoa badu, fundazioek dute".

Xabier Iturbe, ekainaren 20an eginiko batzarrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2014ko irailaren 30a
11:10
Entzun

Xabier Iturbe Kutxako presidentea elkarrizketatu du Euskadi Irratiak, eta Kutxa fundazio bihurtzeko prozesuaz mintzatu da. Urriaren 24an egingo dute horretarako batzarra, eta Kutxabanken kontrol publikoa bermatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko proposamena izan du hizpide.

Aldundiak proposatu zuen aurrezki kutxak gaur egun Kutxabanken dituen akzio gehienak Gipuzkoako erakunde publikoei ematea, doan. Iturbek, baina, uste du proposamen hori ez dela "bideragarria" eta aurrezki kutxaren helburua ez dela bere ondasunak "oparitzea". Gaineratu du proposamenak ez lukeela Espainiako Bankuaren onespenik izango.

Iturbek nabarmendu du diputazioarena "ideia bat" dela, "landu gabeko proposamena", eta Kutxak "berehala" bihurtu behar duela fundazio: "Egiteko denborarik ez du ematen".

Finantza entitatearen kontrol publikoaz ere jardun du. Uste du Kutxak "berez" daukala kontrol publikoa, "zerbaitek kontrol publikoa badu fundazioek dutelako". Izaera sozialari ere eutsiko lioke, Iturberen iritziz: "Uste dugu bermatuta dagoela, gizartearen ordezkaritza delako patronoa".

Gainera, adierazi du ez dela beharrezkoa Kutxabankek akzioen %51 izatea entitatearen kontrolari eusteko, baina aitortu du "argi" dagoela zenbat eta portzentaje handiagoa izan "seguruago" eutsiko liokeela kontrol horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.