Kutxak batetik bestera garraiatzen, sareak pilatzen, sokak biltzen, edo ontziak itsasora irteteko behar dituzten azken konponketak egiten. Baina arrain usainik apenas dagoen Bermeoko portuan (Bizkaia). Arrantza denboraldiari hasiera emateko prestatzen ari dira euskal kostaldeko portuak, aurreko urteetan otsailerako arrantzaldiak hasita zeuden arren. Berdelaren kuota banaketak ika-mika eta eztabaida ugari sortu ditu urte hasieraz geroztik, baina pasa den asteko ostiralean akordio batera heldu zen Kantauri itsasoan arrantzatzen duten erkidegoen gehiengoa. Adostasun horri helegitea jartzeko epea ostiralean amaitu zen, ordea, eta horri itxaron behar. Beraz, litekeena da aste honetan Espainiako Gobernuak kuoten behin betiko banaketa argitaratzea buletin ofizialean. Horrela, arrantza denboraldiari hasiera emango litzaioke. “Aste honetan izatea espero dugu, egoera asko luzatzen ari baita”, kexu da Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentea.
Lur barrenetik entzuten diren hots horiek nahikoa arrazoi izan dira kostaldean daudenentzat itsasora irteteko prestaketak egiten hasteko. Eta horixe da Bermeoko portuan dagoen giroa. Jose Maria Povedana Beti Euskal Herria itsasontziko marinelak, esaterako, hilaren 10erako prestatua zeukan ontzia. “Lehenbailehen itsasora irtetea besterik ez dugu nahi, egunak aurrera baitoaz eta berdela gure kostatik urrundu daiteke eta”. Ivan Loza itsasontziko patroiaren erantzuna ondotik: “Horrek gastuak igo diezazkiguke”. Norvegiatik abiatzen da berdela hegoaldera bidean, eta Bizkaiko Golkoan sartzen da otsailarekin batera. Une honetan, mendebaldera mugitzen ari dira, Atlantiko aldera. Horregatik, lurrean dauden arrantzaleentzat gogorra izaten ari da itxaronaldia: “Badakigu gure kosta parean daudela, baina ezin dugu itsasora atera”, Lozaren arabera. Kontuak kontu, itxaronaldia amaitzear dago, eta hori da eurentzat kontsolagarria da.
Arrantzontzi batzuek, ordea, ez diote berdelari itxaron nahi izan, eta denboraldiko lehen harrapakinen bila irten ziren aste hasieran. Ez baita berdelarekin bakarrik hasten arrantza denboraldia. Elduaienek berak gidatzen duen Itsas Eder ontzia izan zen itsasora irten zen horietako bat. “Txitxarroen bila atera gara, baina gauza gutxi dago. Kostatik asko urrundu gara, eta hala ere ez dugu asko topatu”. Arrantzale gehienak, ordea, berdelaren zain daude, berarekin batera hasten baita urteko lehen kanpaina garrantzitsuena. Eta iraganean baita errentagarriena ere, “urte erdian zehar jatekoa” ematen baitzien Povedanak azaldu duenez. “Orain gastuak estaltzeko besterik ez digu ematen berdelak”.
Errentagarritasun horri, ordea, gehiegikeriak batu zitzaizkien 2009 eta 2010ean. Urte horietan behar zena baino berdel gehiago harrapatu zuten: lehen urtean baimendutakoa baino 80.000 tona gehiago, eta hurrengo urtean, 20.000 tonatik gora. Eta hortik gaur egun Kantauri itsasoan behar egiten duten ontzi gipuzkoar, bizkaitar, kantabriar, asturiar eta galiziarrei jarritako zigorra. 2023 urtera arte luzatuko da. Bitarte horretan, berdel kuota txiki bat banatu beharko da askoren artean. Zehatzago: txikizkako modalitatean aritzen diren 300 ontzirentzat 14.771 tona berdel egongo dira aurten, eta inguraketako 150 ontzirentzat, berriz, 13.700 tona. Azken modalitate horretan behar egiten duten baporeek abenduaren 20an lortu zuten akordioa —euskal arrantzaleek kuotaren %48,11 daukate, 6.591 tona—, baina itsasora txikizkakoekin batera irtengo dira. Baimena ere biei batera ematen baitzaie. Eta amuekin banan-banan berdela harrapatzen duten arrantzaleen arteko kuota banaketa hori izan da gatazka guztien oinarria. Hainbeste, arrantza denboraldiaren hasiera ere atzeratu duela.
Kuota ezin banatu
Bizkaitar, gipuzkoar eta kantabriarrak asturiar eta galiziarrekin aurrez aurre egon dira berdelaren banaketaren auzian, eskubide historikoan oinarritutako eztabaidan murgilduta. “Berdela merkea zenean guk bakarrik arrantzatzen genuen, eta orain prezio hobea duenean besteek guk bezainbeste nahi dute. Horrek ezin du horrela izan”, dio Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien Federazioko presidenteak. Hain zuzen ere, arrantzaleei zigorra jarri zitzaienean hasi ziren galiziar eta asturiarrak berdela harrapatzen, kuota txikitu zenez prezio hobea zuelako. Baina horrek berdelari berari distortsioa eragin diezaiokeela uste du Elduaienek: “Bapore asko sartu dira lehen ez zeudenak. Kuota txikia denez, horrek prezioa pixka bat igo duelako”. Ondorioz, berdelaren arrantzan ontzi gehiago sartzea eragin dezake. Hori ez gertatzeko, banaketak “bidezkoa izan behar du”.
Kuotak banatzeko garaian, azken hamar urteetan berdela nork arrantzatu duen kalkulatu ondoren, horrek banaketako irizpideetan %90eko pisua edukitzea eskatzen zuten euskal arrantzaleek kantabriarrekin batera. “Asturiar eta galiziarrak ados zeuden harrapaketen irizpide horiek kontuan hartzeko garaian, baina azken hamar urteetakoa beharrean, duela bi edo hiru urtetik honako arrantzak izan behar zuela zioten. Juxtu berdelera inguratzen hasi zirenekoak”, azaldu du Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak. Madrilera hamaika bidaia egin ditu kofradien federazioetako presidenteekin batera, eta azkenerako, irizpideak horrela finkatu dituzte: eskubide historikoak %70eko pisua izango du, banaketa linealak —itsasontzia edukitzeagatik dagokion zatia— %10, tripulazio kopuruak beste hainbeste, eta baporearen tamainagatik azken %10.
Irizpide horiek mahai gainean jarrita ere ez zen akordiorik lortu, pasa den ostiralera arte. Galiziarrekin akordio batera heldu ziren: datozen bi urteetan kuotaren %2,5 emango diote. Hau da, 250 tona. Akordio horrekin, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek Kantauri itsasoko berdel kuotaren %42,06 edukiko dute aurten. Zehatzago, txikikako modalitatean aritzen direnek 5.839 tona harrapatzeko aukera izango dute denboraldi honetan. Erkidego guztiak iritsi dira adostasunera, Asturias izan ezik. Baina euren jarrera “ez zen negoziatzera joatekoa”, Azkueren arabera. “Eurek zioten %30etik beherako inongo akordiorekin ez zirela ados egongo”. Gainera, galiziarrekin hitzartutako akordioak asturiarrei ere on egingo diela ere nabarmendu gura izan du. “Hasierako proposamenarekin kuotaren %10 zeukaten, eta orain %15era igo zaie kopuru hori”. Asteazken iluntzean, gainera, berdelaren kuota igotzea adostu zuten Europako Batasunak, Norvegiak eta Faroe uharteek. Aurreikusitako kuota %77 hazi zen. “Behin eta berriro genioen kuota handiagoa behar genuela, eta azkenean lortu dugu”, Zabaletaren esanetan.
Asturiarrek, ordea, gainerako erkidegoetako arrantzaleek lortutako akordioaren aurkako jarrerari eutsi diote. “Beste hiru erkidegoetako arrantzaleak %90 gara”, gogorrazi die Azkuek. Horregatik, pasa den larunbatean Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak akordioaz hitz egin zuen. “Guretzat hala da”, zehaztu du Azkuek, “Asturiasekin ez dagoelako ezer egiterik”. Era horretan, aste honetan berdelaren arrantza hastea espero du. Eta aurten arrantzaldia hilabeteko atzerapenarekin hasiko bada ere, datozen urteetarako oinarria jarrita dagoela dio.
Edozein modutan, berandu hasiko den arrantzaldiak ez du asko iraungo. Zabaletak uste du astebete eskasean harrapatuko dutela harrapatu beharrekoa. “Ez da garairik onena berdeletara joateko, baina arraina harrapatzeko beta ematen du”. Nahiz eta, agian, berdelaren bila ohi baino urrunago joan beharko duten.
Gainerakoek berdindu?
Jarritako berdel kuota arrantzatzen ez badute ere, pasa den urtean Kantauri itsaso guztirako jarritako 6.000 tonako kopurua baino hobea da. Baina irabaziak izateko tartea ez da handia. Horregatik, pasa den urteetako joera errepikatuko dela aurreikusten zuten asteazkenean Bermeoko portuan: “Iaz hegaluzeak berdindu zigun urtea, eta aurten ere horrela izango da ziurrenik. Baina horrek ere huts egiten baldin badigu, ea zer egiten dugun!”. Aingeru Aieka Itxarkundea itsasontziko patroia da, eta berdeletara ateratzeaz gain, hegaluzetara ere irteten da.
Aurreikuspenak badauzkate, baina oraindik ez dakite espezie bakoitza zein kopurutan arrantzatu ahal izango duten. “Oraindik ez zaigu buruan ere sartzen nola banatuko ditugun”, Elduaienen hitzetan. Orain arte berdelaren kuota banaketan aritu dira negoziatzen, eta horrekin batera, baita txitxarroarena ere. “Espezie horretan ez gara horren fin aritu azken urteetan, eta kuota txikia daukagu”, dio Azkuek. Zehazki, Kantauri itsasoko kuotaren %20 harrapatu ahalko dute bajurako euskal baporeek, 3.316 tona. Iazkoa baino kopuru txikiagoa da, %26ko jaitsiera adostu baitzuten Europako Batasuneko arrantza arduradunek. Arrantzaldia, gainera, ez da ondo hasi.
Bajurako arrantzaleek, edozein modutan, udaberri eta udako arrantzaldietan daukate begirada. Bizkaiko Golkoan zenbat antxoa, hegaluze edo hegalabur arrantzatu ahal izango den badakite, baina oraindik ez nola banatuko den. Baina aurreikuspenak ez dira txarrak, iazko datuak berdindu edo igoko dituztelako. Antxoaren kasuan, esaterako, %10 igoko da arrantza kopurua. 15.226 tona harrapatu ahalko dituzte Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galiziako ontziek. “Antxoaren arrantza itxita egon zen garaian [2005 eta 2009 artean] berdelak atera gintuen zulotik, eta orain berdel hutsaldia badago, antxoak beteko du”, dio Elduaienek. Baina hori sarearekin aritzen direnen kasua litzateke.
Amuekin aritzen direnentzat hegaluze eta hegalabur kanpainak izango dira, aurten ere, denboraldia berdintzeko giltza. Hori izan da, bederen, duela bi urtetik hona datorren joera. 2013 urtea ez zen txarra izan hegaluzeari dagokionez, baina ez zen 2012a bezain ona izan. Hartan lortu zituzten arrantzaleek azken boladako daturik onenak: 6.500 tona inguru. Ikusteko dago, ordea, aurten nolako arrantza egingo duten hegaluzearekin, iazko kuota mantentzen baitute: 13.500 tona.
Hegalaburraren kuota
Hegalaburra ere errentagarria zaie arrantzaleei, baina azken bi urte hauetan beste modu batera izan da. Iaz kuota osoa saldu zioten Mediterraneoan almadraba teknikarekin behar egiten duen Murtziako enpresa bati, eta 2012an kuotaren %70a. Euskal arrantzaleek oraindik ez dute pentsatu ere egin zer egingo duten aurtengo kuotarekin —450 tona inguru—. Baina Elduainek ez du baztertu aurreko urteetako bideari eusteko aukera: “Ez dugu eskaintzarik jaso, baina badakigu hor daudela. Negoziatzeko aukera badaukagu”. Azkueren hitzek ere zer pentsatua ematen dute: “Iazko kuota berdina daukate, eta ez dago beste munduko berritasunik ez saltzeko”.
Arrantza sailburuak aipatzen duen berritasun falta hori, ordea, aurten hasiko da hausten. Izan ere, legeak dio arrantza kuota bat bi urtez jarraian besterik ezin dela saldu, edo hiru aldiz bost urteko epean. Muga horiek gainditzen dituen sektoreak arrantzarako eskubidea galduko luke. Kontagailua 2014 urtean hasiko da martxan eta, hortaz, azken bi urteotako salmentak ez dira aintzat hartuko.