Europako Batasuna

Izaskun Bilbao: "Defizita eta zorra zaindu dugu; ez dugu isunik merezi"

Europaren egiturazko funtsik gabe gera daiteke Hego Euskal Herria, Espainiak defizit helburua ez duelako bete. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroari zigor hori ez aplikatzeko eskatu dio EAJko europarlamentariak Bruselari.

Izasakun Bilbao, artxiboko argazkian. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2016ko irailaren 22a
08:05
Entzun

Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak "mirari bat" egin zuen uda honetan Europako Batzordeak Espainia zigor ez zezan defizit helburua bete ez dela eta. 2.000 milioi euro arteko isunari aurre egiteko aukera bene-benetakoa zen, baina Madrilek saihestu egin zuen azkean defizit helburua ez betetzeagatik zigortutako lehen estatu bazkidea bihurtzea. Egiturazko funtsak izoztea ere isunarekin batera zetorren aldagai zen: lehena ekidin zuen Espainiak, baina bigarrena gauzatuko dela gero eta argiago geratzen ari da.

Eta hor Hego Euskal Herriak badu jokoan finantzaketa iturri baten galera. 1.500 milioi euroko diru iturria gal dezake Espainiak funtsak izoztearekin bat, horietako zati esanguratsu bat Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak galduko lukete. "Lurralde horiek ez dute merezi iragarritako funtsen izoztea Espainiak defizit helburuak ez dituelako bete", azaldu dio Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak Europako Batzordeari.

"Guri ez aplikatu"

EAEren eta Nafarroaren sistema fiskalen izaera autonomoa azaldu du Bilbaok, eta horretan oinarrituta Hegoaldeak isunik ez pairatzea eskatu du. "Luxenburgoko auzitegiaren arabera, Euskadik eta Nafarroak ogasun autonomoak dituzte. Defizita eta zorra zaindu dugu; zorrotzak izan gara eta  eta egonkortasun ituna bete dugu. Ez dugu isunik merezi. Horregatik eskatzen dugu isunik baletor, guri ez aplikatzeko".

Alegia, Espainiak Europarekin hitzartutako defizit helburuarekin utzikeria izan duelako Hego Euskal Herriak ordain dezakeela luze gabe, eta EAJ sute horren kontrako harresia ipini nahian dabil. "Gure ekonomia produktiboa eta garapen ekonomikoa eta soziala laguntzeko Europako ekarpena dago jokoan", esan du Bilbaok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.