Jaiegun mozorrotuta

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
AEBetan presidentearen eguna izaki, jai hartu zuen Wall Streetek, eta gure indizeek jaiegun mozorroa janztea deliberatu zuten. 1.140 milioiren salerosketa izan zen Ibex-35eko (+%0,67) akzioetan, eta, alde handirik gabe, erosleak nagusitu ziren. Zintzo mozorroa jantzi nahian dabiltzan Dubai eta, batez ere, Greziak kezka dexente eragiten dute euren hartzekodunengan. Atenasko arduradun politikoak edo euroa bera izan litezke jai horietako Mielotxin. Eurogunearen sinisgarritasuna dago jokoan, eta urduritasuna logikoa da: aurrekari arriskutsua litzateke gauzak hain gaizki egin dituena salbatzea. Gertuago, Gamesa (+%5,79) eta %3na pasa irabazi zuten Iberia eta Tecnicas Reunidas izan ziren atzoko mozorro koloretsuenak. Santanderrek (+%0,99) ere berea jarri zuen noski. Bolsas y Mercados (-%2,04) eta %1na pasa galdu zuten Ebro Puleva eta Sacyr izan ziren gorian nabarmendu zirenak. Berri gutxi, beraz, jaiegun mozorropean.



Iberdrolak (+%0,4) akziodunen batzar orokorra egingo du martxoan, Bilbon. Besteak beste, zuzendaritzan dituen hamabost kontseilaritik zazpiren izendapena berraztertu beharko dute, bost urterako hautatu baizituzten, tartean da Sanchez Galan presidentea bera. Enpresaren akziodun nagusi den ACSk (+%1,04) kapitalaren %12,6 du bere esku baina ordezkaritzarik ez, oraingoz, administrazio kontseiluan. Interes kontrajarriak ote dituzten beldur, egungo zuzendaritzak estatutuak moldatu eta Florentino Perez eta enparauak kudeaketatik at laga ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.