Presidentearen otoitzak eta kandelak ez dira nahikoa izan. Hartutako eta iragarritako neurriak, herritarrak haserretu dituztenak, ere ez.Lasaitasun mezuek ez dute inor lasaitu. Eta laguntzarik ez zuela behar etengabe errepikatu arren, Greziatik kanpo guztiek zekitena gertatu da: Greziako Gobernuak laguntza eskatu behar izan die euroguneko herrialdeei eta Nazioarteko Diru Funtsari (NDF), defizit publikoari eta zor publikoari aurre egin ahal izateko. Merkatuek eta zorrek itota, atzo eskatu zuen laguntza, hitz soilekin, lau lerroko gutun xume baten bitartez.
Greziak 273.000 milioi euro zor ditu, bere barne produktu gordinaren (BPG) %115,1; defizit publikoa, berriz, %13,6koa zen iaz, Greziak berak esandakoa baino 0,9 puntu gehiago.
«Espero dugu erabaki hau nahikoa izango dela merkatuak lasaitzeko eta zorra interes tasa apalagoekin ordaintzeko», esan zuen Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak. Telebistazzuzenean eskainitako adierazpenak izan ziren, Kastellorizo uhartetik. Aurreko hilabeteetan beharrezkoa ez zen laguntza, «premiazkoa» bihurtu zen atzo.
Nazioarteko erakundeen laguntza merkeagoa baita Greziak nazioarteko merkatuetan bonoak saltzeko eskaini behar dituen interesak baino. Herenegun %8,83ra iritsi zen hamar urtean itzuli beharreko Greziako bonoaren interesa. Eta %10era bi urtean bueltatu beharrekoa.
Eurogunearen eta NDFren laguntzek, aldiz, %5 inguruko eta %3,75eko interes tasak dituzte, hurrenez hurren. Atzo,laguntza eskatu ostean, Greziaren hamar urterako bonoen interes tasak oso gutxi txikitu ziren, %8ren bueltan zeuden. Greziak diru asko bueltatu behar du datozen hiru urteetan, 54.000 milioi euro aurten bertan. Horregatik, gero eta analista gehiagok uste dute, laguntza eskatzeaz gain, zorra berrantolatu beharko duela, hau da, epeak luzatu eta epe luzera interesetan diru gehiago ordaindu.
Euroguneko herrialdeek martxoaren 25ean onartu zituzten, Greziari laguntza ematekotan, laguntzak izango lituzkeen baldintzak. Greziaren eta herrialde bakoitzaren arteko maileguen bidez egingo dute. 30.000 milioi euro emango dizkiote gehienez, hiru urtean itzuli beharrekoak.
Herrialdeek Europako BPGan duten garrantziaren araberako laguntza emango dute. Alemaniak jarri beharko du diru gehien: 8.376 milioi euro. Paradoxikoki, herrialdeek zor merkatuetara jo beharko dute Greziari lagundu ahal izateko dirua lortzeko.
NDF 15.000 milioi euro emateko prest dago. Edozein kopuru eskatuta ere, euroguneko herrialdeek jarriko dituzte hiru eurotik bi, eta NDFk hiru eurotik bat.
Neurri gehiagoren truke
Europako Batzordeak eta NDFk Greziari erantzun diote laguntza «azkar» emango diotela, egun batzuetan. Giorgos Papakonstantinu Finantza ministroak aurreratu zuen maiatzaren 19a baino lehen jaso dezaketela. Erreskate plana azkar abia dezakete, baina gero herrialde bakoitzak onartu behar du berari dagokion mailegua, eta horrek prozesua luza dezake.
Hori bai, laguntza jaso ahal izateko gastuak eta zorra murrizteko neurri gordinagoak hartu beharko ditu. Datozen hiru urteetarako egokitzapen plana negoziatzen ari dira egunotan, Atenasen, Greziako Gobernua, Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta NDF. Europako Batzordeak zergei buruzko neurri gogorragoak eskatu dizkio Greziari 2011tik aurrera.
Greziak ez du zehaztu zenbat diru eskatuko duen. Europako Batasunarekin eta NDFrekin negoziatu beharko ditu maileguen xehetasunak. Papakonstantinu asteburuan joango da Washingtonera, NDFrekin negoziatzera.
Jainkoari otoitza, NDFri sosa
Greziak 45.000 milioi euro arteko laguntza plana abian jartzeko eskatu die euroguneko herrialdeei eta Nazioarteko Diru Funtsari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu