Jaizkibelgo ardiak

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Galerarik apenas izan zen atzo burtsan, baina gorantz nahiz beherantz, Jaizkibelen agertutako ardiekin gertatutakoa, arrisku arrunta da akzio azoketan. Analistek txakur plantak egiten dituztenean, inbertsiogile txikia ardi bihur daiteke eta artalde gisa jokatu. Eta labarrean behera jausi, urduritasunak jota. Horrek erosketarako zein salmentarako balio du. Jakina da merkatu batean sofistikazio askoko erosleak elkartzen direla: mira teleskopikodun errifleak dituzte txerritxo ehiztari batzuek, eta beste zenbaitek harrika bota nahi dituzte txerritxoak. Teknologiak ez du arrakasta bermatzen, baina laguntzen du. EBZk eta Ingalaterrako Bankuak esperotakoa egin zuten: interes tasei eutsi. Baina Trichet artzaina ez zen askok nahi bezain baikor agertu. Otso berria defizit publikoa izan liteke. Hala ere, lan publikoei etekina atera diezaieketen FCC edota Sacyr %2na pasa jaitsi ziren, eta Tecnicas Renidas ere %3,72.



Nuclenor. Garoñako zentral nuklearra ixtea hipotesi gisa ere ez dute aztertu Nuclenorreko arduradunek. Gaur zabalduko diren berriez haratago, Nuclenorren jabe erdibana diren Iberdrola (-%0,33) nahiz Endesa (+%0,27) lasai ederrean ibili ziren atzo.



Santander. Lehentasunezko akzioak jaulkitzea moda-modan dago. Santanderrek (+%0,53) 2.500 milioirena salduko du bere bulegoetan eta jada 10.000 milioitik gora dira abenduan BBVAk (-%0,7) 1.000 milioi saldu zituenetik. Txikizkariei, hori bai. Zergatik ote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.