Asteburuko mobilizazioen ostean, protestekin jarraitu dute Jaka Horiek, gaur, Lapurdin. Hainbat bide blokeatu dituzte Baiona eta Biarritz inguruan, eta, mobilizazioen ondorioz, trafiko pilaketak sortu dira.
Erregaiaren garestitzea salatzeko deitu dute mobilizazioetara Jaka Horiek. Frantziako Gobernuak erregai fosilen kontsumoa mugatzeko eta beste energia eredu baterako aldaketa bultzatzeko neurri gisa aurkeztu du erabakia. Zergek 7,6 zentimo garestituko dute gasolio litroa eta 3,9 zentimo gasolina. Urtarriletik aurrera, 6 eta 3 zentimoko tasa gehigarriak aplikatuko dira, hurrenez hurren.
Manifestarien blokeatzeekin haserre, hainbat istripu eragin zituzten asteburuan zenbait gidarik. Bat Ametzondoko itzulgunean (Hiriburu, Lapurdi). Gidari batek arratsalde hasieran manifestari bat zauritu zuen. Arratsalde bukaeran, Euskal Irratiek jakinarazi zutenez, Baionako Grand Basque gunean hiru zauritu eragin zituen beste auto gidari batek. Bi ospitalera eraman zituzten hausturekin. Gizona atxilotu zuen Poliziak.
Hainbat eragilek kritikatu dute Jaka Horien protesta erregaiaren garestitzean oinarritu izana. Bizi mugimendu ekologistak, esaterako, erregai fosilen garestitzea defendatu du, baina beste aldarrikapen batzuk egin ditu: "Zerga sistema ekologiko anbiziotsu, zuzen eta solidario bat" indarrean jartzea. "%20 aberatsenek ordaintzen ahal luketen zerga berezi bat" ere sortzea, eta zerga ihesaren eta zerga paradisuen kontra egitea, "borroka deliberatu batekin".