Eraikuntzaren sektoreak inoizko gainbehera handiena izan zuen krisiaren hasierako urteetan, hain zuzen eraikuntza burbuila lehertu eta hark lagundu zuelako atzeraldiaren zuloa sakontzen; Espainian baino txikiagoa zen burbuila hori Hego Euskal Herrian, baina, hala ere, eragin handia izan zuen. Eraikuntzaren gainbehera arintzen joan zen 2011n, neurri batean behintzat, baina 2012. urteak beste beherakada handi bat ekarri du.
Eraikuntza jarduerak %20 egin du atzera urtebetean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Etxebizitzen eraikuntzaren atala %19 jaitsi da, eta herri lanetakoa %22,4, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera. 2012ko azken hiruhilekoan, sektorearen enpleguak %5,2 egin zuen behera, jarduera txikitzearekin batera.