Jarraipena aurrekoetan baino txikiagoa dela dio Jaurlaritzak

Jarraipen handiena industrian izan dela esan dute sindikatuek, eta hori berretsi dute Jaurlaritzaren datuek. %30ean jarri du parte hartze zenbakia. Nafarroan, Sanchez de Munian gobernuko eledunak esan du "normal" doala eguna: "Bistan dago grebak ez dituela bete deitzaileen desioak". 

2012ko irailaren 26a
08:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eman ditu greba izaten ari den parte hartzeari buruzko behin-behineko datuak. Sektorez sektore, industrian du parte hartze handiena lanuzteak, Jaurlaritzaren arabera: %30ekoa. Haren atzetik daude garraioak (%20), zerbitzuak (%13) eta komertzioa (%3). Alor publikoan, hezkuntzan du jarraipen handiena, %64koa. Justizian %24koa da parte hartzea, eta osasunean, %12koa. Jaurlaritzak nabarmendu du martxoaren 29ko greban baino txikiagoa dela jarraipena.

Nafarroako Gobernuak behin-behineko datuak eman ditu administrazioan izaten ari den jarraipenaz. Haren arabera, langileen %13,25ek bat egin dute lanuztearekin. Juan Luis Sanchez de Muniain bozeramailean nabarmendu du egun "normala" ari dela izaten Nafarroan. "Bistan dago grebak ez dituela bete deitzaileen desioak".

Sindikatuek jakinarazi dutenez, deialdiak jarraipen zabala izan du goizean; batik bat, industrian eta irakaskuntzan. Irakaskuntza publikoan %75eko jarraipena izan dela zabaldu du LABek, eta haur eskoletan eta ikastoletan, %85ekoa baino gehiagokoa. Industrian Bizkaiko enpresak jarri dituzte grebaren tamainaren adibide.

Herrizaingo Sailak jakinarazi du errepideetan lanegun arrunt batean baino zirkulazio gutxiago dagoela. Bilboko Metroak eta Euskotrenek esan dute zerbitzu minimoak betetzen ari direla, baita Renfek eta Fevek ere. Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak normaltasuna dagoela esan du, eta Villavesa jarri du horren adibide. Sindikatuek, ordea, salatu dute beharginak lanera behartuta joan direla.

Garraio publikoko hainbat enpresaren atarietan piketeak daude goizean goizetik. Osakidetzan gaur jaieguna balitz bezala ari dira lanean. EITB taldeko komunikabideetan, berriz, soilik orduroko albistegiak izango dira gaur, gutxieneko zerbitzuen barruan.

Goizean goizetik hasi da Hego Euskal Herriko hainbat lekutan grebaren eragina nabaritzen. LABek jakinarazi duenez Bizkaian erabateko eragina izan du Busturia, Lea-Artibai eta Durangaldean. Gipuzkoan ere nabarmena da, eta enpresa handi gehienak itxita daude. Araban Mercedesen eta Michelinen izan duen jarraipena nabarmendu du LABek.

Nafarroan iparraldean lantegi gehienak itxita daude; Bortziriak geratuta daude, eta Sakanan, Baztanen eta Leitzan handia da eragina sindikatuak jakinarazi duenez. Iruñerrian eta inguruetan eragina ez da horren zabala; LABek salatu du langileek presio asko jasan dituztela gaur lanera joateko. Istilu gehienak Iruñerrian ari dira gertatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.