Industriak eta, batez ere, automozio sektoreak lagunduta, susperraldia izan zuen iaz Gureak Taldeak. 2,3 milioi euro irabazi zituen, eta lantaldea handitu 46 langile gehiakorekin. Inbertsioak ere mantendu ditu. "Hau guztia lortu da taldeak duen dinamismoari esker eta proiektu berriak bilatzeko egiten duen etengabeko lanari esker", adierazi du Iñaki Alkorta taldeko presidenteak.
Kontuan hartu behar da, gainera, Gureak-ek 2013an ez zituela jaso aurreko urteetako ezohiko laguntzak. Horrez gain, Lanbidek atzerapenak izan zituen diru laguntzak ordaintzeko. 2013an, 127 milioi euroren diru sarrerak izan zituen enpresak, horien %18 izan ziren diru laguntzak. "Gureak-ek jasotzen duen euro bakoitzako 3 euro itzultzen dizkio gizarteari".
Gaur egun, 4.300 langile ditu Gureak-ek, horietatik %83k dute urritasunen bat. 141 ohiko enplegu batean aritzen dira. Ainhoa Askasibar Gureak Itineraryko zuzendariak azaldu du 90 lanpostu aldaketa izan direla aurten. "Asko zaindu ditugu hiru alderdi: komunikazioa, aldaketaren aurkako sentimendua saihesteko; formazioa; eta, azkenik, egokitze egokia ematen ez denean aurreko lanpostura bueltatzeko aukera ahalbidetzea".
2014ari begira, "markaren zaharberritzea" izango da erronketako bat: "Merkatuan dugun posizioa hobetzea da helburua".