Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak jakinarazi duenez, Jaurlaritza eta Kutxabank hasi dira Epsilon enpresak utzitako zorra negoziatzen; "diru-kutxa publikoetan eragingo duen kaltea gutxitzeko" helburuarekin.
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Epsilon enpresaren kitapenak utziko duen zorrari aurre egin beharko diote. Guztira, 16 eta 25 milioi euro arteko zorra utz lezake automozio enpresaren kitapenak. Diru sarrerarik eragiten ez zuela eta zortzi milioi euro inguruko galerak sortzen zituela ikusita, Gasteizko merkataritza epaitegiak agindu kitapena.
Txapelketekin lotutako automobilismoa bultzatzea helburu zuen proiektuak 50 milioi euroko diru-laguntza eskuratu zuen joan den legegintzaldian. Halaber, 16 eta 25 milioi euro arteko kostua zuen eraikina erosi ahal izateko, Caja Vital eta Kutxak luzatutako mailegua bermatzeko konpromisoa bere gain hartu zuen Arabako Teknologia Parkeak.
Baina, enpresak ezin izan dio maileguei aurre egin. Joan den urtean ordainketak eten eta enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen enpresak, eta, orain, kitapena abiatzeko faseari ekin diote. Hori dela-eta, Arabako Teknologia Parkeko hiru bazkideek egin beharko diote aurre zorrari: Eusko Jaurlaritzak —SPRIren bitartez—, zorraren % 64 hartuko du bere gain; Arabako Foru Aldundiak % 20, eta Gasteizko Udalak % 10.