Jaurlaritza haserre AFMkin, Espaniako Gobernuaren Renove plana dela eta

Makina-erremintak % 21,4ko beherakada izan du fakturazioan, eta Gasteizko gobernuari Madrilgoaren laguntzak osatzeko eskatu dio AFM patronalak

Euskal Herrian eginiko makina bat, duela bi urte Barakaldoko BECen eginiko bienalean. ASIER CAMACHO FERNANDEZ
jokin sagarzazu
2021eko otsailaren 16a
13:18
Entzun

COVID-19ak gogor jo du makina-erremintaren sektorea Hego Euskal Herrian. 2020ko fakturazioa %21,4 txikiagoa izan da aurreko urtekoa baino, eta esportazioak %22,4 gutxitu dira. «Mende honetako urterik zailena» izan dutela aitortu dute alor horretako enpresek. Aurreko urteak ere ez dira haiek nahi bezalakoak izan, eta 2019a ere galerak zituztela amaitu zuten (%10). Automobilgintzaren sektorean gertatzen ari diren aldaketek eragin nabarmena dute sektorearen egoeran, baina ez dira bakarrak.

AFM klusterrean biltzen diren enpresek azaldu dutenez, iazko emaitza txarren atzean dago bereziki pandemiak nazioarteko merkatuetan sortu duen ziurgabetasuna. Horri gaineratu behar zaio iazko martxotik euskal enpresentzat estrategikoak diren merkatu batzuk aldi batean itxita egon direla eta mugimendua mugatua egon dela. Hala, gogoratu dute ezen, salmentak egiteko arazoekin batera, aurretik saldutako makinen eta instalazioen mantentze lanak egiteko ere problemak izan dituztela.<br />Eragina orokortua izan da jardueraren azpisektore guztietan, baina deformazioko makinek izan dute beherakadarik azpimarragarriena, aurreko bi urteetan bezala. Txirbil harroketaren azpisektoreak, aldiz, zertxobait hobeto jasan du kolpea.

Eskaeren jatorriari dagokionez, 2020an ere aldaketa «handi» bat izan da: Txinatik etorri dira nagusiki, bere industria jarduera beste herrialde batzuek baino lehenago eta indar handiagoz berrabiarazi duelako. Hurrengoak zerrendan Alemania eta Espainia dira, eta jarraian, AEBak, Turkia, Frantzia, Italia eta India.

Jaurlaritzaren haserrea

Cesar Garbalena AFMko presidenteak Europako diru funtsen garrantzia azpimarratu du, eta jakinarazi du e-machine Digital Workshop deituriko proiektuan ari direla lanean klusterreko enpresak. Haien nahia da 245 milioi euro inbertitu ahal izateko babesak lortzea. Erakundeek I+G+Bko finantzaketak ere handitu beharko lituzketela uste du. Era berean, industrietako makinak berritzeko Espainiako Gobernuak sustatutako Renove plana txalotu du, «makina-erramintaren lehena Espainiako historian», eta, segidan, Jaurlaritzari eskatu dio funts horiek osatzeko.

Gasteizko gobernuaren haserre bizia eragin du horrek, «estatuko administrazio bakarra» ei delako «urte askoan» mankinaren Renove planak ordaindu dituena, «esklusiban eta bakarrik». «Onartezintzat» jo ditu Jaurlaritzak Garbalenaren hitzak, Madrilen plana «EAJk Kongresuan izandako ekimenaren emaitza» dela uste duelako.

Haserreak haserre, iazko udaberriko konfinamenduak krisi «oso sakona» eragin zuen sektorean, eta urteko azken hiru hilabeteetan susperraldiak kolpea «nabarmen arindu» duen arren, ez da enpresek espero duten modukoa izan. 2021a, berriz, «merkatuak normalitzeko eta biziberritzeko premiaz» hasi dutela azaldu dute.<br />Susperraldia, baina, pandemiaren araberakoa izango dela nabarmendu dute. Lehen hiruhileko zaila espero dute, baina urteak aurrera egin ahala arian-arian hobetuko dela egoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.