Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak Navalez hitz egin du gaur, ontziolak likidazio fasea hastea eskatu eta biharamunean. Erkorekak esan du lanean jarraituko dutela inbertitzaile berri bat bilatzeko. Lakuak dio "Naval ez dela iragana oraindik". "Badago denbora, nahiz eta egoera muturrekoa den", esan du Erkorekak. Erreskate publikoaren aukera erabat baztertu du. "Europako Batasunak erabat debekatzen ditu estatu laguntzak, eta ez gara bide horretatik abiatuko oso arriskutsua eta kaltegarria delako, euskal industriarentzat, erakundeentzat eta gizartearentzat". Frantziako Gobernuak hango ontziola bati emandako laguntzen aurrekaria gogorarazi diote gobernu bozeramaileari; baina Erkorekak esan du ez duela kasu hori ezagutzen; "bai, ordea, estatu laguntzatzat hartutako beste adibide batzuk, eta ondo dakigu zer-nolako kaltea ekarri zuten".
Horiek horrela, eragile guztiekin duen harremana areagotu egingo du gobernuak "bide guztiak aztertzeko Vox Alexia Sestaon eraiki dadin". Van Oord armadoreak iritzia aldatuko balu eta oniritzia emango balio eraikuntza horri, "lehen pauso bat emango litzateke" ontziolaren alde. Baina Jaurlaritzak badaki "oso denbora gutxi dagoela edozer lortzeko". Navalen itxierak ekarriko lukeen enplegu kalteari buruz ez du hitz egin nahi izan, balizko itxiera horri buruz galdetu diotenean: "Ez gaude hipotesi horretan lanean oraindik".
Adolfo Muñozek dio pribatizazioak "bonba bat" jarri zuela Navalen
Finantzaketa balego, Sestaoko Naval ontziolak ez luke arazorik izango aurrera egiteko. ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek uste du aldagai hori gabe ezin dela ulertu ontziola historiko horren egoera etsia. Onda Vasca irratian egindako adierazpenetan, enpresaren pribatizazioari erreparatu dio Muñozek, egungo muturreko egoera azaltzeko. "Naval pribatizatzeko erabakia hartu zutenean, bonba-erloju bat jarri zioten proiektuari. Ontziola batek finantzaketa handia behar du aurrera egiteko, hori garbi dago".
Navalen jabe CNN sozietatearen administrazio kontseiluak likidazio fasea abiarazteko eskatu du, konkurtsoaren epeak horrela behartuta. Inbertitzaile berri baten bila jarraitzen duela dio zuzendaritzak, eta Vox Alexia bukatzeko adostu behar den itunaren bila ere bai. VanOord armadoreak eta bankuek ez dute akordiorik egin Navalen azken ontziaren kroskoaren salneurriaren inguruan, eta proiektua geldirik dago oraindik.
Ontzi hori da, funtsean, ELAko buruak aipatu duen lan karga. Beste hainbat eskaera ere baziren, baina bertan behera utzi dituzte armadoreek Navalen muturreko egoera ikusita. Enkargu hori, ordea, bukatuko ote den ere ez da segurua, ontziolari hauspoa emango liokeen inbertitzaile bat azaldu ezean VanOordek uko egingo diolako hura eraikitzen jarraitzeari.
"PSOE Espainiako gobernuan zegoela erabaki zuten Naval pribatizatzea, eta, hortik aurrera, askoz zailagoa izan da ontziolari irtenbide bat ematea", esan du ELAko idazkari nagusiak. Muñozek onartu du Naval ontzi handiak egiteko ontziola dela, eta horrek ere baldintzatzen duela proiektua. "Eraikuntza handiak egiteko da Naval; horregatik da hain garrantzitsua finantzaketa maila handia egotea". Eta areago joan da Sestaoko ontziolaren jabetza pribatuaren inguruan. "Naval pribatizatzea erabaki zutenean, hori egin zutenek bazekiten zergatik egiten zuten, eta bazekiten Estatuko beste ontziola batzuek jabetza publikoarekin jarraituko zutela ere, adibidez atal militarrekoak".