Jaurlaritza, pozik zor publikoaren jaulkipenak izandako harrerarekin

Eskaintzaren halako hiru izan da eskaera; Bankoa eta Calyon bankuek zuzendu dute bonoen salerosketa

Erredakzioa
Gasteiz
2009ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Zor publikoa jaulki zuen atzo berriro Eusko Jaurlaritzak, aspaldiko partez. Aurten zerga bidez bildutako diruaren amiltzeari aurre egiteko, zorpetzearen bideari heltzeko asmoa iragarrita zeukan Patxi Lopezen gobernuak. Lehenbiziko jaulkipen hori 700 milioi eurokoa izan da. Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiaren ustez, ekimen «arrakastatsua» izan da, jaso diren eskaerek eskaintzaren halako hiru izan direlako.

Hamar urteko amortizazioa duten bonoak dira. Operazioa Credit Agricole taldearen eskuetan utzi zuen Jaurlaritzak. Ardura, hain zuzen ere, Bankoak eta Calyon inbertsio bankuak izan dute. Halaber, BBK, Kutxa, Vital aurrezki kutxak eta Norbolsa erakundeak salmentan aritu dira.

Gobernuaren helburua atzerriko inbertitzaileak erakartzea zen lehen fase horretan. Azkenean, hamar bonotik sei atzerriko erakundeen eskuetan geratu dira, %45 Frantzian eta %9,5 Alemanian, gobernuak ohar baten bidez zehaztutakoaren arabera. Obligazioen interes tasa %4,15ekoa da.

Aurtengo aurrekontuetan, 300 milioi euroko zorpetzea aurreikusi zuten. Azkenean, kopuru horri beste 1.050 milioi gehitzea erabaki zuen Lopezek gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.