Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du bere gobernuak 140 milioi euro jarriko dituela COVID-19aren krisiaren ondorioz galdutako enplegua berreskuratzeko.
42 milioi euro emango dizkie udalei, enplegua sustatzeko tokiko planak abian jar ditzaten; bereziki, «lehentasunezko jardueratzat» jotako sektoreak indartzeko.
Beste 66 milioi langabezian dauden pertsonei prestakuntza emateko, Lanbideren bidez; Urkulluk esan du «prestakuntza, diagnostikoa eta aholkularitza pertsonalizatua» ematea dela helburua, laneratzea errazteko. Horrekin batera, Hezibi programaren beste edizio bat jarriko da martxan, 2,3 milioi euroko finantzaketarekin. Programa horren helburua da lanbide heziketan dauden gazteak prestatzea, hezkuntza eta lan praktikoa aldi berean eginez.
Azkenik, Gobernu Kontseiluak 30 milioi euroko gastua baimendu du lanean ari diren eta euren gaitasunak hobetu nahi dituzten pertsonei prestakuntza emateko. «Langileek euren lan egoera hobetzea edo lan egiten duten enpresen aldaketetara egokitzea nahi dugu», azaldu du Urkulluk.
Horrekin batera, jakinarazi du susperraldi ekonomikorako eta enplegurako «estrategia berri» bat lantzen hasi direla, hurrengo legealdian abian jartzeko. Lehendakariak azaldu duenez, besteak beste, gai horixe jorratu zuten joan den astean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin izandako bileran.