Ekonomia

Jaurlaritzak %1,5 soilik handitu ahalko du gastu erreala 2017an

Urte honetarako aurreikusitako kopuru ia berbera biltzea espero du Finantzen Euskal Kontseiluak hurrengo urterako, 13.498 milioi euro, eta, beraz, Jaurlaritzaren aurrekontuak ere ez dira asko urrunduko aurtengoetatik: gastu errealean 150 milioiko igoera izango da. Aldundiek Jaurlaritzara egingo duten ekarpena ere aurtengoaren berdina izango da, 9.103 milioi euro.

Ordezkari politikoak Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera hasi aurretik. @JERKOREKA
Irune Lasa.
2016ko urriaren 14a
15:52
Entzun

Finantzen Euskal Kontseiluaren gaurko bilerak 2016ko zerga bilketaren itxiera aurreikuspena eman du, gaur Gasteizen egindako bileran. Guztira, 13.025 milioi euro izango dira. Ez da iritsi orain dela urtebete zehaztu eta administrazioek aurtengo aurrekontuak egiteko erabili zuten kopurura. Hain zuzen ere, 473 milioi gutxiago izan dira. Urte osoaren joanean bilketa iragarritakoaren azpitik egon da.

Itxiera horrekin Jaurlaritzak 324 milioi gutxiago jasoko ditu azkenean foru aldundietatik. Hori bai, defizit mugak izan duen hiru hamarreko igoerari esker, soilik 53 milioi euro gutxiago izango ditu eskura gastatzeko. "Oso eramangarria", Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuaren ustez. 2016ko zerga bilketan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren emaitzak onak izan diren bitartean, Sozietateen gaineko Zerga izan da uste baino okerrago ibili dena, batez ere Bizkaian.

Hurrengo urteari begira, aurreikuspen zuhurrak egin ditu Finantzen Kontseiluak, eta 2016rako aurreikusitako kopuru berbera jarri du helburu 2017an biltzeko, 13.498 milioi euro. Datu hori kontuan hartuta, Gatzagaetxebarriak aurreratu du gobernuaren aurrekontu osoa %0,5 inguru handituko dela. Hartutako zorra bueltatzeko eta amortitzatzeko gutxiago gastatu beharko duenez, 150 milioi euro gehiago izango ditu sailetako politikak finantzatu ahal izateko. Foru Aldundiek aurtengoen antzeko aurrekontuak egin ahal izatea espero dute, eta, horren haritik, ez dute murrizketarik aurreikusten zerbitzu publikoetan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.