Hazkundea

Jaurlaritzak %2,2ra jaitsi du 2019rako hazkunde aurreikuspena

Gasteizko administrazioak ia 600 milioi txikituko du bere zorra, eta 9.444 milioi eurokoa izango da, EAEko barne produktu gordinaren %12,3

Pedro Azpiazu artxiboko argazkibatean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2019ko urriaren 14a
09:37
Entzun

Hamarren bat apalagoa izango da ekonomiaren hazkundea 2019an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala jakinarazi du Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak gaur, eta horrekin batera esan du ez duela zentzurik "alarmismoarekin" hasteak, "azterketa zorrotz eta serioa" duelako oinarrian aurreikuspen horrek; aurretik esana zuen gerta zitekeela.

EAEko ekonomia %2,2 haziko dela aurreikusi du gobernuak, ekainean egindako azken aurreikuspena baino hamarren bat gutxiago, baina urte hasieran egindako bera. Urteko bigarren hiruhilekoan %2,2 hazi da barne produktu gordina urte arteko tasan, lehenean bezain beste. Horrek esan nahi du, Azpiazuren arabera, eten egin dela aurreko hiruhiruhilekoek kateatutako moteltze prozesua. 2020. urterako %2ko hazkunde aurreikuspenari eutsi dio Azpiazuk.

Enpleguari dagokionez, %1,7ko hazkunde aurreikuspena %1,6ra eraman du Ekonomia Sailak 2019rako. Aurreikuspena hamarren bat apaltzeko erabaki hori 2020rakoa ere betetzen da, eta %1,3tik 1,2ra pasatu da.

Zorra

Horrez gain, Ekonomia sailburuak azaldu du urte bukaeran 597 milioi euro txikiagoa izango dela Jaurlaritzaren zorra, "Estatuko erkidegoen artean apalena". Zor hori 9.444 milioi eurokoa izango da, BPGaren %12,3 hain justu. "Egoerari buelta eman diogu", esan du Azpiazuk; "orain gaitasun nahikoa dugu zorra kitatuz joateko eta herrialde gisa dugun hipoteka arintzeko". Aurten, 124 milioiko amortizazio "normala" egiteaz gain, 473 milioi euroko amortizazio berezia egingo du Jaurlaritzak; guztira, 597 milioi euro.

Aurrekontuen egonkortasunaren Espainiako arauak %13,8ko zorpetzea finkatzen du EAErako; beraz, erkidegoaren kontu publikoek 1.000 milioi euroko tartea dute zorpetze sabaira iristeko. Pedro Azpiazuk esan du gobernuak aurreikusi duela 2020. urtearen amaieran zorra 9.291 milioi izango dela. Alegia, 2019ko 597 milioiko zor arintze hori baino apalagoa izango dela datorren urtekoa, 153 milioi eurokoa hain justu.

Eta kopuru hori bera izango da 2019an EAEko kontu publikoen superabita. 2020. urtean 40 milioira txikituko da, baina superabitak ez du etenik izango, sailburua aurreikuspenaren arabera.

Alberto Alberdi sailburordeak esan du EAEko ekonomiaren egoera "pribilegiozkoa" dela oraindik ere, nahiz eta "arrisku potentzialak" badituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.