Lan gatazka

Jaurlaritzak 23 hilabeteko zigor eskaera bana egin du Bizkaiko metalgintzako bi grebalarirentzat 

2019an Durangoko pikete batean agintaritzaren aurkako delitua egin izana egozten die. Beste hiru epaitu dituzte Bilbon eginiko manifestazio bateko istiluengatik.

Metalgintzako langileek elkarretaratzea egin dute epaiketa salatzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko maiatzaren 26a
18:58
Entzun

Urte eta erdi igaro da Bizkaiko metalgintzako sektoreko azken lan ituna sinatu zenetik. Negoziazio luzeen eta mobilizazio ugariren ondoren iritsi zen akordioa. Protestaldi haiek harroturiko hautsa, baina, ez da pausatu oraindik, eta egunotan ari dira epaitzen 2019an ustez eginiko hainbat delitu. ELAk, LABek, CCOOk, eta UGTk, mobilizazioetan parte hartu zuten sindikatuek, salatu dute auzibide horiek irekita jarraitzen dutela eta «langile borroka kriminalizatzen jarraitzeko» interes politiko bat dagoela: «Atzean erabaki politikoak daude». 

Sindikatuek EAEko Auzitegi Nagusian eman dute ezagutzera egoera. 2019ko ekainaren 21ean Bilbon antolaturiko manifestazio batean atxiloturiko hiru grebalari epaitu dituzte. Sektorean deituriko greba egun batean izan zen, eta desordena publikoa egozten diete. Iratxe Azkue LAB sindikatuko metaleko ordezkariak azaldu duenez, egun hartan Ertzaintza bortitz oldartu zen «manifestazioaren erdian», eta lau sindikatuek agerraldia egin zuten gertaturikoa salatzeko.   

Hiru horiek, baina, ez dira Bizkaiko metaleko grebako protestaldiengatik epaituko dituzten langile bakarrak. Beste lau epaitegira joateko hitzorduaren zain daude. Biri, gainera, Eusko Jaurlaritzaren abokatuak 23 hilabeteko zigor eskaera bana egin die autoritatearen aurkako delituarengatik. Durangoko (Bizkaia) pikete batean parte hartu zuten bi langile dira, eta, sindikatuen kontakizunaren arabera, Ertzaintzaren oldarraldi batean bietako bat lurrera bota zuten, eta bestea hura babestera joan zenean atxilotu zituzten. Langileak lehen arretako zentroan artatu behar izan zituzten, eta ertzainei salaketa jarri zieten, lesioengatik. Fiskaltzaren zigor eskaera, berriz, hamabi hilabetekoa da. 

Azkueren ustez, «erabaki politikoak» daude salaketen atzean, «Eusko Jaurlaritzak eta Urkullu lehendakariak borroka sindikalarekin zer ikusia duten ekintza oro kriminalizatu nahi dute». Epaitegiaren aurrean eginiko adierazpenetan, nabarmendu du «eskubide bat» dela lanpostuengatik eta lan baldintza duinengatik borrokatzea , eta, besteak beste, Tubacexeko edota ITP-PCBko langileak «egurtuak» izan direla gogoratu. 

LABeko ordezkariak kritika zorrotza egin dio EAJri auziaren inguruan izandako jarrerarengatik: «Ez da kasualitatea EAJ abstenitu izana Espainiako Kongresuan piketeetan eginiko ekintzak zigorgabetu ala ez erabakitzeko bozketa egin zenean». Jose Maria Rojo EAEko UGTko industria federazioko ordezkariak antzeko kritika egin du: «Ez du zentzurik langile horien aurkako akusazioa mantentzeak piketeen jarduna zigortzen zuen zigor kodeko puntua dagoeneko indargabetu den honetan. 2019ko greba egunetan egin ziren protestaldiekin lotura duten ekintzak epaitzen ari dira, eta, ondorioz, lotura dute piketeen jardunarekin».

Unai Orbegozo CCOOko metaleko sektoreko ordezkariak, berriz, «elkartasun osoa» adierazi die auzipetuei, eta nabarmendu du Bizkaiko metaleko hitzarmeneko borrokarena «eredu interesgarria» izan zela. Egun langile asko borrokan daudela gogoratu du, eta epaiketa hauen antzeko erasoak «geldiarazi» egin behar direla. 

Metaleko grebetako epaiketen aldi berean, sindikatuek azaldu dutenez, ekainaren 24an Zigor Azpiolea ITP Aero Castingeko LABeko delegatua epaituko dute Barakaldon (Bizkaia). Greba egunetan Barakaldoko lantegira joatea erabaki zuten langileak zeramatzan autobusari kalteak eragin izana egozten diote.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.