Renove plana

Jaurlaritzak 3.000 eurorainoko laguntzak emango ditu auto berria erosteko

Astearte honetan jarriko du martxan Renove plana. Hamar urtetik gorako 2.500 ibilgailu ordezkatu nahi ditu.

Hego Euskal Herriko hiriburu bateko auto kontzesionario bat. IñIGO URIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 31
16:57
Entzun

Astearte honetan hasiko da auto zaharra bota eta berria erosteko Eusko Jaurlaritzaren Renove plana. Laguntzak egongo dira motor mota guztietarako. Kopuruak 2020ko berberak izango dira: 2.000 euro A kategoriako edo eraginkortasun energetiko handiko gasolina eta diesel ibilgailuentzat, eta 3.000 euro elektrikoetarako, hibridoetarako, eta gas natural, PGL eta hidrogeno bidezkoetarako. Espedientea osorik jaso ahala banatuko du laguntza EEE Energiaren Euskal Erakundeak, dirua bukatu arte.

Planak 5 milioi euroko aurrekontua du. 2.500 ibilgailu ordezkatzea espero du gobernuak, 2019an eta 2020an lortutakoen antzeko kopurua.

Laguntza jaso ahal izateko, hamar urtetik gorako autoa txatartegira bidali beharko du erosleak: muga zazpi urtekoa izango da autonomoen eta enpresen autoentzat. Gehienezko prezio bat ere izango da auto berrientzat: 25.000 euro erregai fosilak erabiltzen badituzte, eta 40.000 elektrikoak badira.

Laguntzak bateragarriak dira Espainiako Gobernua ematen ari denekin. Hala, auto elektrikoak erosten dituztenek 10.000 euro jaso ahalko dituzte —7.000 Madrilek, eta 3.000 Gasteizek—. Eta litekeena da laguntza 10.700 eurorainokoa izatea 5.000 biztanletik beherako herrietan bizi direnentzat, mugitzeko arazoak dituztenentzat, taxilarientzat eta ibilgailu gidaridun baimena dutenentzat, haiei %10eko gainsaria emango baitie Espainiako Gobernuak.

Sektorea krisian

Jaurlaritzak hirugarren urtez jarraian egingo du Renove plana. Funtsean bi helburu ditu egitasmoak: batetik, auto zaharrak aldatzea eraginkortasun energetiko handiagoko motorra duten autoekin; eta, bestetik, autogintzaren sektorea laguntzea, autoen salmenta bereziki. Koronabirusaren pandemiak gogor jo du sektore hori: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %44 ibilgailu gutxiago saldu dira aurtengo urtarriletik apirilera bitartean, 2019. urtearekin alderatuta. Kontzesionarioek duela bi urteko emaitzak hartzen dituzte kontuan, iazko martxoaren erdialdera dendak itxi egin behar izan izan baitzituzten, konfinamendua zela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.