Lan merkatua

Jaurlaritzak 35 orduko lanaldia berreskuratzea "kontraesana" da Confebaskentzat

Enpresa pribatuari inbertsioa eta enplegu sorrera eskatzea eta aldi berean zortzi milioi euro 35 orduetara bideratzea ez du bateragarri ikusten patronalak.

xabier martin
2016ko otsailaren 3a
08:07
Entzun

Kontraesana da egungo langabezia eta krisi egoeran, enpresa pribatuari inbertsioa eta enplegu sorrera eskatzea eta, aldi berean, zortzi milioi euro bideratzea 35 orduko lanaldi berreskuratzeko". Confebask patronalak argi baino argiago utzi du Eusko Jaurlaritzak legealdiaren amaieran langile publikoentzat 35 orduko lanaldia berreskuratzea ez duela begi onez ikusten. "Eztabaida hori ez dago mahai gainean orain, ezta Europan erreferentzia diren beste ekonomietan ere, adibidez Frantzian", esan du ohar batean.

Patronalak ohartarazi du ezin dela esan oraindik egoeraren larritasuna bukatu dela, "epe ertain eta luzera dauden kezkak ez dituelako inork zalantzan jartzen". Horregatik, testuinguru horretan Lakuak 35 orduko dekretua erabakitzearekin ez dago ados. "Ezustea" hartu du Confebaskek, Jaurlaritzak berak adierazi duelako 2016. urtea "zaila" izango dela, "kezkek hor jarraitzen dutela". Hori esatea eta "urtero aurrekontu publikotik langile publikoen lanaldia murrizteko 7,8 milioi bideratzea" kontraesan handi gisa ikusten du enpresariburuen elkarteak. Neurri hori hartzea, "bakarrik langile publiko direlako eta produktibitatearen hobekuntzari buruz hitz egin gabe", ez du ontzat ematen Confebaskek.

Jaurlaritzak hartutako neurriak gizartean duen eraginarekin du lotura patronalaren haserre handia islatzen duen oharraren beste zutabea. "Ez da eredu ona gizartearentzat", dio patronalak, sektore pribatuko enpresariei eta langileei "ahalegin berezia eskatzen ari zaielako enplegua sortzeko eta bermatzeko". 35 orduko lanaldia orain hamabost urte adostu zela gogoratzen du, bestalde, eta neurri hori "erronka berriak eskatzen dituen krisi izugarri batek erabat gainditu duela" dio. "Erronka horiek ez dute zerikusirik lan gutxiago egitearekin", gaineratzen du oharrak.

ELAk eskatu du "murrizketa guztiak" kentzeko

 ELA sindikatua gustura azaldu da 35 orduko lanaldia berreskuratu delako, baina Iñigo Urkulluren administrazioari eskatu dio "azken urteotan martxan jarritako murrizketa guztiak bertan behera uztea". "Urkulluren gobernuak legealdi hasieran hartutako erabakiak EAEko administrazioan lanaldia 45 ordu luzatu zuen, eta horrek eragin larriak izan ditu euskal arlo publikoan. Soilik Osakidetzan ordu kopuru hori gehitzearen ondorioz 1.500 lanpostu galdu dira".

"Behin 35 orduko lanaldia berreskuratu dela", esan du ELAk, mahai orokorraren eraginpean dauden langileei "antolatzen eta mobilizatzen jarraitzeko" deia egin die sindikatuak; besteak beste, Osakidetza, Ertzaintza, irakaskuntza, administrazio autonomon, justizian eta sozietate publikoak aipatu ditu. "Helburua, galdutako eskubideak berreskuratu eta politika larri hauek aldaraztea da, kalte egiten baitiete zerbitzu publikoetako langileei, baina baita euskal gizarteari oro har". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.