Behin-behinekotasuna

Jaurlaritzak 40.000 lanpostu publiko egonkortu ditzala eskatu du ELAk

Sektore publikoko behin-behinekotasuna arazo “sistematiko” bat dela esan du Igor Eizagirre arlo publikoko sindikatuko arduradunak, eta “iruzurrean oinarritutako kontratuak” direla, gainera.

jarraia158110.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko urriaren 16a
07:32
Entzun

ELAk berak landutako datuak dira, baina Randstad agentziak egindako ikerketak ere antzerako datua eskaintzen du: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 40.000 lanpostu publiko behin-behinekoak dira. Hau da, hamar langile publikotik ia lau behin-behinekoak dira. Eta ez hori bakarrik: sindikatuaren arabera 100.000 langile daude azpikontratatuta “beharrezkoak diren zerbitzu publikoak eskaintzen”.

Datu argigarriak eman ditu sindikatuak, eta horregatik esan du Igor Eizagirre arlo publikoko arduradunak behin-behinekotasuna “arazo sistematiko bat” dela Eusko Jaurlaritzan, eta askotan “iruzurrean oinarritutako kontratuak” eskaintzen dituztela, gainera. Horren guztiaren atzean erabaki politiko bat dagoela esan du, eta errealitatea ezkutatzeko aldian behin enplegu publikorako egiten dituzten deialdiak “adabakiak” direla salatu. “Propaganda ariketa bat besterik ez da, ez dute balio behin-behinekotasunarekin amaitzeko, ezta pribatizazioaren aldeko apustua amaitzeko ere”.

Egoera larria dela iritzi dio sindikatuak, eta horregatik lau eskaera zehatz egin dizkio Jaurlaritzari egungo egoerari buelta eman ahal izateko: suntsitutako enplegua berreskuratu eta beharrezkoak diren lanpostu berri guztiak sortzea; enplegu publikorako eskaintza deialdi masiboak iragartzea; behin-behineko langileen egoera egonkortzeko aukera emango duten formulak adostea; eta behin-behineko kontratazioaren abusuzko erabilera ez errepikatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea.

Mezu horiekin guztiekin komunikazio kanpaina bat abiatuko du sindikatuak datozen hilabeteetan, eta “behar den sektoreetan” mobilizatzen jarraituko dutela gogorarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.