Eusko Jaurlaritzak 2020ra artean 4.800 ibilgailu elektriko izateko helburua finkatu du, egun daudenen halako lau baino gehiago. Helburu hori zehaztu du Mugikortasun Elektriko Plan Integralean. Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburuak ezagutarazi ditu planaren ardatz nagusiak.
Tapiak adierazi du 494 milioi euro bideratu nahi dituztela plana garatzeko. Aurrekontu horren zati nagusia Eusko Jaurlaritzari dagokio, 385 milioi euro. EAEko beste administrazioek ia 62 milioi euro jarri beharko dituzte, plana garatu ahal izateko. Azkenik, eragile pribatuen esku geratuko litzateke 47 milioi euro inguru jartzea.
Eragile pribatu horiek ibilgaluak berritu beharko dituzten enpresak dira, Tapiak azaldutakoaren arabera. Hots, ibilgailu berriak erostean elektrikoen alde egiteko inbertitu beharko lukete. Jaurlaritzak asmo horretara 1,2 milioi euro bideratuko ditu, erosketak diruz laguntzeko.
Garraio publikoa elektriko bihurtzea da aurrekontuan pisu gehien duen ardatza. Bertan, besteak beste, Gasteiz eta Bilbon tranbia luzatzeko proiektuak jaso dituzte, baita EAEko hiru hiriburuetan aurreikusita dauden autobus elektrikoak ere. Halaber, administrazioek erosten dituzten garraio publikorako ibilgailuetan ere helburuak zehaztu ditu planak: ibilgailu berrien erdia elektrikoa izatea.
Horrez gain, Tapiak iragarri du araudian aldaketak egingo dituztela, baita ibilgailu elektrikoen alorrean garapen teknologikoa sustatu ere. Halaber, plana 2030ra arte luzatzeko asmoa ezagutarazi du sailburuak.