Jaurlaritzak 600 milioi euro jarri ditu enpresa txikiei laguntzeko

Dirua aurrezki kutxek eta bankuek emango dute, eta abalak, Elkargi eta Oinarri berme sozietateek

Erredakzioa
Donostia
2010eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Bideragarriak diren enpresa proiektu guztiek aurrera egin dezatela. Finantzaketa ez dadila izan arazo. Hori da Eusko Jaurlaritzaren nahia, Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan. Horrenbestez, maileguen murrizketari aurre egin ahal izateko, Jaurlaritzak 600 milioi euro jarri ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen esku, iaz baino ehun milioi euro gehiago.

Sektore estrategikoetako enpresei eta enpresa handiei ere iritsiko zaie txanda. Agirrek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak hil honetan bertan onartuko ditu haientzako laguntzak. «Horrela, osatuta geratuko da abalen laguntza mapa».

Enpresa txiki eta autonomoen kasuan, dirua aurrezki kutxen edo bankuen bidez emango da, baina berme sozietateak -Elkargi eta Oinarri- arduratuko dira bideratzeaz, hau da, abalak eskaintzeaz. Mailegu guztiek beharko dute bi erakunde horietakoren baten bermea.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak azaldu duenez, hiru erabilera izan ditzake maileguan utzitako kapitalak: epe motzeko beharrak finantzatzea, epeko motzeko zorra berrikusteak sortzen dituen gastuak ordaintzea edota epe motzeko zorra epe ertain edo luzera jartzeak eragiten dituen gastuak pagatzea.

Maileguen zenbatekoa ere zehaztu du Agirrek. Enpresa txiki eta ertainek 50.000 eta 600.000 euro artean eska ditzakete; enpresaburu indibidual eta autonomoek, berriz, 10.000 eta 100.000 euro artean. Maileguan hartutako dirua hiru urtean itzuli beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.