Eusko Jaurlaritzaren gizarte elkarrizketan parte hartzen duten taldeek - Confebask patronalak eta CCOO nahiz UGT sindikatuek- 750.000 euroko laguntza zuzena eskuratuko dute datorren urtean. Sindikatuek eta enpresaburu elkarteek euren ordezkaritzaren arabera jasotzen duten finantzaketatik aparte emango diete diru hori, eta diru sail zehatzak ditu 2011. urterako aurrekontu proiektuan. Hain zuzen ere, 557.000 euro Lan Sailak emango dizkie, eta Osalanek beste 200.000 euro.
Sindikatuei eta patronalei 2,2 milioiren laguntzak emango dizkie Lan Sailak datorren urtean, aurten baino 331.000 euro gehiago. Indarrean dagoen legearen eta hauteskunde sindikaletan lortutako ordezkaritzaren arabera, 1,33 milioi jasoko dituzte sindikatuek. Halaber, beste 337.000 euro hauteskunde sindikaletako lurralde batzordeetan eta batzorde zentralean aritzeagatik emango dizkiete. Sail horietako dirua sindikatu guztiek eskuratuko dute, elkarrizketan aritu edo ez.
Aldaketa nagusia Lan Sailak sindikatuentzako zuen azken diru sailean gertatu da. Joan den urtean, 175.000 euro «jarduera sindikaletarako» onartu zituzten EAEko aurrekontuetan. Aurten, ordea, sail hori desagertu da, eta, horren ordez, 557.000 euro ageri dira sindikatuentzat eta patronalarentzat, «gizarte elkarrizketako mahaian parte hartzeagatik». Elkarrizketan ez parte hartzea erabaki duten sindikatuak, ELA eta LAB, hortik kanpo geratuko dira.
Osalan institutuari dagokionez, ordezkaritza handiena duten sindikatuen eta patronalaren artean 1,34 milioi euroren laguntzak banatuko ditu, aurreko urtean baino 120.000 euro gutxiago. Haatik, ohiko laguntza horretatik aparte, beste diru sail bat gehitu dute aurrekontuetan. 200.000 euro izango dira «gizarte elkarrizketako mahaiaren akordioak garatzeko».
«Aurtengo berdinak»
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Ekintza sailburuak heldu den urterako aurrekontu proiektua aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Taldeen txandan, gizarte eragileei emandako laguntzen hazkundea eta elkarrizketa sozialarekin lotu izana zalantzan jarri zuen Rikardo Gatzagaetxebarria EAJko legebiltzarkideak.
Gizarte elkarrizketarako laguntzak «aurtengo berdinak» direla ziurtatu zuen Zabaletak. Haatik, aurrekontu proiektuko laburpenetan hazkunde nabarmena (%17) agertzen da, eta aurtengo kontuetan ez zen diru sailik lotzen gizarte elkarrizketarekin. Edonola ere, elkarrizketa mahaia aldarrikatzeko baliatu zuen aukera Zabaletak: «Gobernuaren apustu estrategikoa da, eta ez gara horretaz lotsatuko».
Sindikatuei eta patronalari diruz laguntzea defendatu zuen sailburuak, halaber. «Mahaian daudenek Lanbideren diseinuan lagundu dute, eta arrazoizkoa da gurekin elkarlanean aritu direnak laguntzea». Osalanek emango dizkien aparteko 200.000 euroak programa zehatzak finantzatzeko direla azaldu zuen Zabaletak. Besteak beste, eraikuntza sektoreko erorketen aurkako Lotu publizitate kanpaina.
PSE-EEko gobernuak gizarte eragileen artean dirua eta laguntzak banatzeko duen modua kritikatu izan dute sindikatu abertzaleek. Esaterako, ELAk eta LABek salatu zuten Osalanek joan den uztailean milioi bat euro utzi zuela Confebask, CCOO eta UGTren eskuetan. Osalan erakunde horien «isilpeko finantzaketa» egiteko tresna bihurtu dela esan zuten ELAk eta LABek, gainera.
Politika aktiboetan, 225 milioi
Enplegu politika aktiboen eskumena jaso ondoren Lan Sailak prestatu behar izan duen lehen aurrekontu proiektua da datorren urtekoa. Hori dela eta, diru gehiago (%60ko hazkundea) eskura izango duen sail ia bakarra da. Osasunaren eta Hezkuntzaren atzetik, aurrekonturik handiena duen saila da Zabaletarena, 997 milioi eurorekin. Edonola ere, gobernu osorako ezarri diren irizpideak hartu, eta langile gastuak %8,5 murriztuko ditu departamentuak.
Diru gehiena Lanbidek kudeatuko du aurrerantzean. Euskal Enplegu Zerbitzua hedatzeko 785 milioi euro erabiliko dira. Langabeak laneratzeko politika aktiboez gain, gizarte laguntza nagusiaren -diru sarrerak bermatzeko errenta- ardura bere gain hartuko du. Zabaletak nabarmendu zuen politika aktiboak sustatzeko 225 milioi euro jarriko dituela Jaurlaritzak. Eskumena Espainiako Gobernuak izan du aurten, eta 117 milioi gastatu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Hain zuzen ere, 74 milioi enplegua sustatzeko erabiliko dira, 62 milioi laneratzeko eta 89 milioi prestakuntza finantzatzeko. Osalan institutuari dagokionez, 19,7 milioi euro izango ditu, aurten baino %4,5 gutxiago.
Jaurlaritzak 750.000 euro emango dizkie gizarte elkarrizketako kideei
Finantzaketa orokorretik aparte, Confebask, CCOO eta UGTri 557.000 euro eman dizkie Lan Sailak, eta 200.000 Osalanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu