Energiaren erreforma

Jaurlaritzak argindarraren igoera aztertuko du enpresekin

Enpresen %60ari argindar garraioaren kostua %20tik gora igo dakioke aurten. Lakuako Energiaren atalak dei ugari jaso ditu azken asteetan enpresariek euren kezka jakinarazteko.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko irailaren 27a
12:09
Entzun

«Energia erreformaren lehen neurriak abuztuaren 3an jarri ziren martxan, eta enpresak ondorioen berri abuztuko faktura jasotzearekin batera izan dute». Ez da albiste gozoa izan, Javier Zarraonandia Eusko Jaurlaritzako energia zuzendariaren esanetan, eta orduz geroztik enpresetatik «dei erauntsia» jaso du bere sailak. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, urte amaierarako euskal enpresen %60ari energia banaketaren kostua %20tik gora hazi dakioke. Hori da, bederen, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) egin duen neurketaren ondorio nagusia. Ikerketa 250 enpresa txiki eta ertainen artean egin da, baina joera orokortu egin daitekeela ohartarazi du erakundeak.

Horrek guztiak zuzenean eragingo lieke enpresei. «Dagoeneko daukaten zamari igoera hori gehituz gero, lehiakortasunean galduko lukete». Horregatik, energia erreforma enpresentzat txarra izango dela jakinarazi du Zarraonandiak. Egoera horri buelta eman ahal izateko, Industria egoeraren behatokira deitu ditu Jaurlaritzak datorren asteazkenerako  hainbat kluster eta elkarte. Horren helburua, «euskal industriarekin elkarlanean, erreformaren eragina gutxitzea». Baina ez da erraza izango, «aurten tarifa defizitak sortuko lukeen 4.500 milioi euroko zuloa estaltzeak egoskortuta baitauka Espainiako Gobernua», esan du Txetxu Saenz de Ormijana EEEk egindako ikerketaren zuzendariak.

Finean, arazoaren muina tarifa defizitean dago, horregatik egin baitu Espainiako Gobernuak energiaren erreforma hau. Argindarra banatzeko sistemari aitortzen zaien kostuen eta ematen dituen sarreren artean sortu den aldeari deitzen zaio tarifa defizita, eta azken urteotan 26.000 milioi euroraino iritsi da. 2000. urtean hasi zen sortzen, eta 2003an hasi zen modu nabarmenean gora egiten, energia berriztagarriak sustatzeko sariak ere herritarren fakturen bidez pagatzea erabaki zutenetik. Sektoreak bultzada handia jaso zuen, eta horiek pagatzeko faktura neurri txikiagoan igotzea erabaki zuten gobernu ezberdinek. Baina defizita txikitzeko egin diren erreforma ezberdinak ez dira eraginkorrak izan. Denera, orain arte 10.000 milioi amortizatu dira, baina zuloak handitzen jarraitzeko joera dauka.

Jose Manuel Soria Espainiako industria ministroak energia erreforma berriz defendatu zuen aste honetan. Bere esanetan, neurririk hartu izan ez balitz, tarifak «are gehiago» garestituko ziren. Baina ez dirudi erreformak eragingo lukeen tarifen igoerari, eta  enpresen lehiakortasun jaitsierari aurre egiteko neurririk hartuko duenik. «Espainiako Gobernuaren lehentasuna defizita berdintzea da, horrek etorkizunean ekonomiaren garapenari eragingo badio ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.