Iñigo Urkulluren gobernuaren aspaldiko mantra da: euskal enpresa industrialak diruz lagundu behar dira, ehun ekonomikoa sendotu dadin, inbertsioaren bidez lehiakorragoak izan daitezen, enplegua berma dezaten, eta Euskal Herrian errotu daitezen. Helburu horiek bata bestearen atzetik errepikatu dituzte gaur ere, Eusko Jaurlaritzak enpresentzat diseinatutako finantzaketa arkitektura berriaren aurkezpenean.
Gobernuak bi tresna finantzario jarriko ditu martxan aurrerantzean: batetik, arrisku kapitaleko erakunde berri bat sortuko du, publiko-pribatua, enpresa talde traktoreetan inbertitzeko; bestetik, Jaurlaritzaren Socade garapen kapitaleko funts publikoa berrantolatuko du, gobernuak enpresa handietan akzioak erosteko, berton errotuta jarrai dezaten.
Arrisku kapitaleko funtsa, publiko-pribatua izango da, nagusiki pribatua, eta aurten 125 milioi euro izango ditu, nahiz eta 250 milioi euroraino igo daitekeen kopurua. Jaurlaritzak espero du funtsa bete-betean martxan egotea datorren urterako. Tresna berria lankidetzan sortu dutela nabarmendu dute Urkulluk eta bi sailburu ekonomikoek, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak eta Pedro Azpiazu Ogasuneko sailburuak.
Jaurlaritzarekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek parte hartuko dute funtsean, baita ere Kutxabankek, Bankoak, Mondragon taldeak, Lagun Arok eta Itzarrik. Baina funtsaren bihotza ez dute bakarrik horiek osatuko, funtsean parte hartu ala ez erabakitzeko bozketak egitekoak dira euren barne egituretan honako erakundeok ere: Sabadell bankuan, Santander bankuan, BBVAn, Nafarroako Rural Kutxan, Caixabanken, eta Elkarkidetza eta Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetan.
Erakunde bakoitzak funtsean egingo duen ekarpena bi eta hamar milioi euro bitartekoa izango da, eta funtseko inbertsioen onuradunak 50 eta 250 milioi euro bitartean fakturatzen duten enpresak izango dira, eta 10 milioi eurotik gorako Ebitda daukatenak. Funtsak enpresa bakoitzean egingo duen inbertsioa ez da izango haren %10ekoa baino handiagoa, eta inbertsioa hainbat modutan gauzatu daiteke: kapital gisa, zor bihurgarri gisa edo mailegu parte-hartzaileen bidez.
CAFekin hasitako bidetik
Beste finantzaketa tresna nagusia Socade funts publikoa izango da. Funts horretarako Jaurlaritzak 100 milioi euro jarriko ditu, eta diru hori erabiliko du euskal konpainia handietako akzioak erosteko. Behin jabetzaren zati bat bereganatuta, enpresa horietan "irauteko bokazioa" daukala argitu du Tapiak; izan ere, Socaderen azken helburua da Jaurlaritzak haien garapenean eragin ahal izatea eta Euskal Herrian daukaten errotzea sustatzea.
Socade funtsaren filosofia ez da berria. Jaurlaritzak joan den urtarrilean eman zuen lehen pausoa norabide horretan, Beasaingo CAF trengilearen akzioen %1,24 erosita.