Eusko Jaurlaritzak atzera bota du Indusal Arrigorriagako garbitoki enpresak 25 langile kaleratzeko aurkeztu zuen erregulazio espedientea, haiek enpresatik bidaltzeko arrazoirik ez dagoelakoan. LABek hilaren 7an jakinarazi zuen Indusalek 25 behargin haiek kanporatzeko asmoa duela, eta 25 horietatik 21 lantokiko genero diskriminazioa salatzeko 2008ko greba batean parte hartu zuten langileak direla. 25ak emakumeak dira.
Emakundeko eta Arrigorriagako Udaleko Emakumeen Saila langileen ordezkaritza batekin bildu dira azkeneko egunetan.
2008ko udaran egin zuten greba, hilabete eta erdikoa. LABek sustatu zuen, emakume langileek gizonezkoen aldean, lan bera egiteagatik, 300 euro gutxiagoko soldata jasotzen zutelako. Enplegua lortzeko diskriminaziorik ere bazen bi sexuen artean, baita jai hartzeko egunetan ere, sindikatuak dioenez: gizonezko langileek baino ezin zitzaketen larunbatak jai hartu.
LABek "eraso eta koldarkeria" gisa hartu du Indusalen asmoa, eta beharginekin lan itun bat negoziatzeko eskatu dio.
Gaur egun 165 langile dauzka enpresak, eta horietatik 53k egin zuten greba.
USO sindikatuak du gehiengoa langileen batzordean. LABek enpresaren alde ez aritzeko galdegin dio.