gas naturala

Jaurlaritzak berretsi du gas natural ez-konbentzionalaren erauzketa aztertuko duela, "bideragarria" den ziurtatzeko

Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak esan du erauzteak 60 urteko gas naturalaren kontsumoa aseko lukeela, eta "negozio aukera bikaina" izango litzatekeela euskal enpresentzat.

2012ko martxoaren 28a
18:37
Entzun

Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzaren asmoa lurpeko gas natural ez-konbentzionalaren erauzketa "aztertzea" dela, horren ustiapen posiblearen "segurtasun ekonomikoa, teknikoa eta ingurumen-arlokoa ziurtatzeko".

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan datozen 60 urtetarako gas naturalaren kontsumoa asetzeko adina gas dagoela azaldu du, eta haren arabera, "negozio aukera bikaina da euskal enpresentzat".

"XXI. mendeko gas ez-konbentzionala izaten ari den agerpena nazioarteko inplikazio geopolitiko nabarmenak dituen aldaketa izugarria da, eta horrek etorkizuneko aukerak zabaltzen dizkie hobi-aurkikuntzak detektatu diren herrialdeei", esan du Undak.

Araban detektaturiko gas ez-konbentzionaleko putzuetan garaturiko esplorazio-jardueren egoera azaltzeko egin du agerraldia Undak. Harekin batera agertu dira Legebiltzarrean Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia, Energiako zuzendari Jorge Letamendia, EEEren zuzendari Jose Ignacio Ormaetxe eta SHESA Euskadiko Hidrokarburoen Sozietatearen zuzendari kudeatzaile Juan Cruz Vicuña.

Egindako azterketek bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa eta ingurumen-arlokoa erakusten badute, "aurrera" jarraituko dutela jakinarazi du. Gas natural horrek 30.000 milioi euroko balioa izan dezake, haren arabera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.