Jaurlaritzak bi milioi euro gehiago jarriko ditu ardogintza laguntzeko

AEBetako muga zergen aurrean euskal ardoek han eta beste merkatuetan duten presentzia indartu behar dutela uste du. Nafarroako elikadura industriara 7,9 milioi euroko kaltea lekarkete muga zergek

Garapen Ekonomikoko sailburua, atzo, mahastizainekin eta ardogileekin egindako bileran. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irune Lasa.
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Ez dago itxaropen handirik. Gaur zortzi jarriko dira indarrean, urriaren 18an, AEBek Europako hainbat esportaziori iragarritako muga zergak, eta horien artean datoz euskal ardoen esportazioentzako %25eko igoerak. Mehatxua ezerezean uzteko aukera bakanak datorren asterako hitzartu diren azken orduko negoziazioetan daude, eta, batez ere, urriaren 14an Genevan (Suitza) Munduko Merkataritza Erakundearen egoitzan bi aldeek —AEBek eta Europako Batasunak— duten hitzorduan.

«Itxaron dezagun; ikusiko dugu zer gertatzen den datorren astean. Ez gaitezen hausnarrean ibili», esan zuen atzo Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak,hain zuzen, muga zergei buruz mahastizaintzaren eta ardogintzaren alorreko ordezkariekin bilera egin ostean.

Muga zergak izan edo ez izan, «zailtasun garaian» laguntza handiagoa emango diela esan die Tapiak ardogileei. Besteak beste, bi milioi euro gehiago jarriko ditu Jaurlaritzak, Europatik datozen merkaturatze eta nazioartekotze OCM laguntzak (4,5 milioi euro) jasotzen ez dituzten upategientzat. Ardoa Inbertsioak programa jada onartu du Gobernu Kontseiluak, eta asteartean argitaratuko da aldizkari ofizialean.

AEBak eta beste merkatuak

Arabako Errioxako ardoek eta txakolinek merkatuetan duten presentzia areagotu eta hedatu behar dutela uste du sailburuak, AEBetako merkatutik bertatik hasita. «Sektorearekin ados gaude ez dela utzi behar AEBetako merkatua; aldiz, han gure ardoen presentzia areagotu behar dela».

Horretarako, adibidez, Arabako Errioxako ardoak sartuko dira Caprice programan; AEBetako eta Japoniako merkatuak ditu helburu programa horrek, eta hirutxakolin sor-markak daude hor. Merkatu gehiagoren bila beste hainbat ekintza iragarri dizkio sektoreari Tapiak. Hala, bertako ardoek tokiko merkatuan leku handiagoa izateko elkarlanak bultzatuko ditu, adibidez, ostalaritza sektorearekin. Era berean, misioak ugaldu egingo ditu Jaurlaritzak, bai atzerriko azoketara joz, bai inportatzaileak ekarriz.

Ardoa Basque Wine Office bulegoaren sorrera ere iragarri zuen atzo sailburuak, upategiei kudeaketan, berrikuntzan eta nazioartekotzean laguntzeko xedea izango duena, eta Hazi fundaziotik zabalduko dena. Behatoki bat ere izango du bulegoak.

Rioja Taldeko buru Iñigo Torresek azaldu zuen neurri eta laguntza guztiak ongi etorriak izango direla. Hala ere, «motz geldituko dira» AEBek muga zergekin egin dezaketen kalte guztia leuntzeko».

Nafarroako ardogintza

AEBetako muga zergak bai, baina brexit-arekin etor daitezkeen kalteak are kezkagarriagoak dira ardogintzarentzat eta nekazaritzako beste alor batzuentzat ere. Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Garapeneko kontseilariak atzo parlamentuan azaldu zuenez, brexit-ak 186 milioi euroko kaltea eragingo die herrialdeko elikagai industriako esportatzaileei.

Kopuru horri, orain, AEBen muga zergak gehitu zaizkie. Foru Gobernuaren arabera, ardogintzak nozituko du eragin handiena elikagai industrian, eta 4,5 milioi euroren kalteak izango ditu. Fruitu eta barazki zukuen esportazioek ere 1,8 milioi euroko kolpea jasango dute, eta milioi erdina euro oliogintzak eta gaztagintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.