Jaurlaritzak Elikagaien Klusterra sortu du sektoreko lankidetza hobetzeko

Elikagai industria eta kalitaterako 2008-2011 plana ere aurkeztu du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak

ERREDAKZIOA GASTEIZ
2008ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Sektoreko enpresen arteko lankidetza hobetzeko Elikagaien Klusterra sortu du Eusko Jaurlaritzak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan elikagaigintzan aritzen diren era guztietako enpresek izango dute hango kide izateko aukera, eta nekazaritzako elikagaien arloan «erreferente garrantzitsua» izango dela azaldu du Gonzalo Saenz de Samaniego Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuak.

Elikagaien Klusterra ez ezik, elikagaien industriarako eta elikagaien kalitaterako 2008-2011 plana ere aurkeztu zuen atzo Jaurlaritzak. 790 milioi euroko aurrekontua edukiko du. Planaren bidez sektoreko euskal enpresen gainbalioa handitzea nahi du Jaurlaritzak, baita lehiatzeko orduan enpresaren ikuspuntuak indar handiagoa izatea ere.

Zazpi azpiesparrutan banatu dute proiektua, eta orain artean 40 enpresa inguru aritu dira hainbat planetan sakabanatuta zegoen informazioa biltzen. Atzo aurkezpenean, berriz, 100 enpresa baino gehiagotako ordezkariak bildu ziren. Hurrengo pausoa informazio hori orain arte egindako azterketekin alderatu eta egoeraren diagnosia egitea izango da, gero konponbideak aurkitzeko.

Inbertsioetarako gaitasuna

Elikagai industriek duten inbertsioak egiteko gaitasuna nabarmendu zuen Samaniegok. Eta urtez urte joera hori handitzen ari dela adierazi zuen. 1995ean, esaterako, 84 milioi inbertitu zituzten;2005ean, berriz, 265 milioi euro.

Guztira, Barne Produktu Gordinaren %2,11 inguru sortzen dute nekazaritzako elikagaien industriako enpresek, eta 2005eko datuen arabera, 17.700 langile aritzen ziren horretan. Enpresa gehienek 50 langile baino gutxiago dituzte.



Zenbakia

790

Aurrekontua. Eusko Jaurlaritzak 790 milioi euro inbertituko ditu 2011 arte elikagaien industriarako etaelikagaien kalitaterako planean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.