Azken urtean zor publikoaren merkatuak mundu osoko gobernuen eskaintzak jaso dituen arren, Eusko Jaurlaritzak ez du arazorik espero bere zorra saltzeko. Carlos Agirre Ekonomia sailburuaren arabera, datorren astearen hasieran hasiko dira hitz egiten zorra erosten interesaturik egon daitezkeen nazioarteko inbertitzaileekin. Azaroaren 15erako zorra saldurik eta dirua kutxetan edukitzeko helburua du Jaurlaritzak.
Gobernuaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Agirrek ez du zehaztu zenbateko interesa eskainiko duen Jaurlaritzak eta nolako epean ordainduko duen. Prezioa «merkatuak» erabakiko du, eta epea, berriz, epe erdira eta luzera Jaurlaritzak izango dituen betebeharrak.
Zenbat diru eskatuko duen ere ez du argi eta garbi esan, baina oso litekeena da 1.350 milioira iristea.Horietatik 300 milioi aurtengo aurrekontuetan agertzen ziren -baina ez ziren eskatu-, eta, zerga bidezko diru bilketaren amiltzearen ondorioz, zorra beste 1.050 milioi euroan handitzeko aukera onartu du Jaurlaritzak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere iragarri du ehun milioi euroko zorra hartuko duela. Diru gehiago behar izatekotan aldundiek zorpetzeko gaitasuna handitzearen alde azaldu da Agirre. Edonola ere, sailburuak ongi ikusiko luke zor kontuetan «gainontzeko erkidego autonomoekin» koordinatzea.
Plana onartu du Jaurlaritzak
Atzo onartutako zorrarekin, bi gasturi egin nahi die aurre Jaurlaritzak, Agirrek azaldu duenez. Batetik, 214,6 milioi euro erabiliko ditu +Euskadi 09 plana finantzatzeko. Plan horren gainontzekoa -389 milioi euro arte- Jaurlaritzaren kutxetan geratzen zen diruarekin eta beste atal batzuei kenduko dietenarekin estaliko dute.Bestetik, zorraren zati handiena enpresei finantzaketan laguntzeko baliatuko du Jaurlaritzak, bermeetarako.
Zorpetzeko muga ez ezik, ekonomia sustatzeko plana ere onartu du Jaurlaritzak, eta Legebiltzarraren esku utzi. Besteak beste, 7.000 langabe aldi baterako kontratatzea, azpiegiturak bizkortzea eta altzariak, makina-erremintak eta etxeko tresnak erosteko laguntzak agertzen diraplan horretan.
Jaurlaritzak espero du azaroaren erdialderako salduko duela zorra
Gobernu bileran, 1.350 milioi euroko zorra hartu ahal izatea eta '+Euskadi 09' plana onartu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu