Ekonomia

Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 1.100 milioi euro gehiago jarriko dituzte krisiari aurre egiteko

Guztira, 12.800 milioi euroko inbertsioa egingo dute 2012 arte, eta batez ere azpiegituretara zuzenduta egongo da. Gehitutako 1.100 milioi euro horiek aurreko urteetan aurreztutakotik jarriko dituzte. Inbertsio horien bidez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 20.000 lanpostu sortzea espero dute.

2008ko ekainaren 20a
17:45
Entzun
Ekonomiaren moteltzeari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ekonomia sustatzeko akordioa sinatu dute gaur. Guztira, 12.800 milioi eurotako aurrekontua dute 2012 urtera bitartean, eta batez ere azpiegituran inbertituko dute diru hori.

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzaren lehendakaria, eta Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusia, Jose Luis Bilbao Bizkaikoa eta Markel Olano GipuzkoakoaGasteizen bildu dira, eta beren arabera, inbertsio publikoren bidez,“ekonomia eta enplegua bizkortu” ahal izango da.

Ibarretxeren adierazi duenez, gaurkoan “itsulapikoa hautsi” dute. Izan ere, aurrekontu orokor horrek 1.100 milioi euro gehiago izan ditu, aurreko urteetan aurrezten joan diren dirua, hain zuzen. Horrela, aldundiek 600 milioi euro gehiago bideratuko dituzte gaurko akordiora, eta 500 milioi euro gehiago Jaurlaritzak. Guztira, 6.900 milioi euro inbertituko dituzte aldundiek, eta gainontzekoa Jaurlaritzak.

Inbertsio publiko hori, batez ere, azpiegituretara bideratuko da. Alde batetik, altzairuaren zentro teknologiko bat eraikitzea, eta Bizkaiko Badiako plantan beste tanga bat eraikitzea dute helburu. Bestetik, Bilboko metroko hirugarren bideko lanak aurreratzea, eta laugarren eta bosgarren bideak eraikitzeko proiektuak idaztea. Horrez gain, lau erietxe berri eraikitzea, eta 300 eskolatan birmoldatze lanak egitea onartu dute. Horretara, 163 milioi euro bideratuko dituzte.

Inbertsio publiko horren bidez ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 20.000 lanpostu berri sortzea espero dute bi aldeek. Horrez gain, autonomoei laguntzeko bi programa ere sinatu dituzte: alde batetik, maileguak luzatzearen kostua “%100ean” berriz finantziatzea, eta bestetik 65 urtetik gorako autonomoei laguntzak ematea, 35 urtetik beherakoek erreleboa hartu dezaten errazteko.

Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, gaurko akordioari esker “aurrenak” izango dira, “bai politikoki eta baita ikuspuntu sozio-ekonomikotik” ere. Horrez gain, “herritarren artean konfidantza irudia” zabalduko dutelakoan daude bi aldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.