Makroekonomia

Jaurlaritzak eutsi dio hazkunde aurreikuspenari

Barne produktu gordina %3 handituko da lehen hiruhilekoan, baina abiadura galduko du urteak aurrera egin ahala.

Industriaren sektoreak izango du hazkunderik handiena aurten, Jaurlaritzaren arabera: %2,9. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2016ko martxoaren 23a
20:19
Entzun

Aurreikuspen makroekonomikoak eguneratu ditu gaur Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Planifikazio zuzendaritzak. Iñigo Urkulluren gobernuak ez du orain arte esku artean zuen hazkunde kalkulua aldatu, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia batez beste %2,5 handituko dela espero du.

Emaitza ez da aldatu, baina bai horretara iristeko bidea. Hala, ekonomiak aurretik uste baino indar gehiago izango du 2016 urteko lehen erdian, eta ahulduko da urteko bigarren zatian. Aurtengo urtarriletik martxora hazkundea %3 izateraino iristea espero du Ekonomia eta Ogasun Sailak, orain arteko kalkulua baino hiru hamarren gehiago. Bigarren hiruhilekoan ere hiru hamarretan hobetu du aurreikuspena. Aldiz, urteko azken hiru hilabeteetan %2 izatera jaitsiko da hazkundea, orain arteko aurreikuspena baino hiru hamarren txikiagoa.

Sektore ezbedinei erreparatuta, industriaren ekarpenak indar gehiago hartuko du, %2,9 handitzeraino. "Merkatu baldintza onak, petroleo merkea eta euro ahula" mesede egiten ari zaio industriari, Jaurlaritzaren ustez.

Aldiz, eraikuntzaren susperraldia espero zenaren ia erdira murriztuko da, %0,9 izatetik %0,5 izateraino. Eraikuntzaren doikuntza amaitutzat jo du gobernuak, baina susperraldi argi baten seinalerik ez dago oraingoz. Aldaketarik handiena lehen sektoreak luke: %3,4ko hazkunde batetik bi hamarrenera. Edonola ere, ekonomian pisu txikia eta gorabehera handiak izaten duen sektorea izan ohi da. Industriarekin batera, zerbitzuak izango dira sektorerik dinamikoena (%2,6).

Enplegu sorreraren prebisioak hazkundearen bideari jarraitzen dio orpoz orpo. Urteko batez bestean enplegua %1,7 handituko da, Jaurlaritzaren ustez, aurreko urtean izandako hobekuntza berdina. Batez beste, ia 17.000 lanpostu garbiren sorrera litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.