Jaurlaritzak ez dizkio kupoaren ehun milioi ordaindu Espainiari

Madrilek zati bat kendu zion uztailean, tartean 'Rover auziari' dagokiona; gauza bera egin du Gasteizek

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Txanpon berarekin erantzun dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari: kupoari dagozkion ehun milioitik gorako kopurua ez ordaintzea erabaki du, «euro bakar bat ere ez». Hiru hilabetean behin pagatzen dio Jaurlaritzak Espainiari, hark Araba, Bizkai eta Gipuzkoan emandako zerbitzuengatik. Aldi berean, Espainiak ere gauza bera egiten du. Uztailean, ordea, Espainiako Zerga Agentziak BEZaren konpentsazioagatik egin beharreko transferentzia bati 206 milioi euro kendu zizkion. Kopuru horretatik 24 milioi euro Rover auziari zegozkion.

Jaurlaritzari ez zitzaion batere gustatu erabaki hori, eta Carlos Agirre Ekonomia sailburuak esan zuen auzitara jotzea ere ez zuela baztertzen. Batez ere Rover auziari dagokion dirua kobratzen hasi izana. Espainiako Auzitegi Gorenak Rover autoen BEZaren 435 milioi euro bueltatzera behartu zuen Arabako Foru Aldundia. Behartu hura behartu du berez, baina dirua guztien artean itzuli beharko dute, erakundeen artean banatu baitzuten. Gorenaren erabakiaren aurka, Auzitegi Konstituzionalera jo zuen Arabak, eta oraindik haren esku dago kasua.

Hark ere, Espainiaren alde egiten badu, ordaindu beste erremediorik ez dute izango. Alabaina, hori ere negoziatu egin nahi dute diputazioek eta Jaurlaritzak. Izan ere, egoera dagoen moduan egonda, kolpe gogorra da orain bat-batean hainbeste diru itzultzea. 304,5 milioi euro, aurten zergen bidez biltzea espero duten diruaren %4,5 da. Diru hori kobratzen hasteak, besteak beste, aurrekontuetan izan dezake eragina.

Liskarrak, 2007tik

Dena den, kupoari lotutako eztabaidak ez dira kontu berria. Esan daiteke 2007an sortu zela Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko gatazka. Eskola 2.0 programak eta Menpekotasun Legeak eragindako gastuak kupoan nola islatu behar ziren ez ziren ados jarri. Ordutik urtero izan dira eztabaidak likidazioetan.

2007an EAJ zegoen hiru diputazioetan nahiz Eusko Jaurlaritzan. Alabaina, 2009an Patxi Lopezek lehendakaritza hartu izanak ere ez ditu gauzak aldatu. Ikusi egin beharko da datorren hilabetean zer gertatzen den, Espainiari tokatzen baitzaio urrian Jaurlaritzari dirua itzultzea, BEZaren diru bilketa konpentsatzeko.

Horrez gain, kontuan hartu behar da amaitzear dagoela Kupoaren Bost Urterako Legea, 2007tik 2011ra arteko eperako hitzartu baitzuten. Haren negoziazioek ere luze jo zuten, urtebete baino gehiago pasatu zen ados jarri artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.