Jaurlaritzak ez du sinesten Eustatek langabeziaz dioena

2010eko azken hiruhilekoa oso iluna izan dela esan du estatistika erakundeak: 11.600 langabe gehiago eta 17.900 enplegu gutxiagoNeurgailu «objektiboagoek» diote galera ez dela gertatu, Lan sailburuordearen ustez

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ustekabeko galanta eman zuen atzo Eustatek langabeziari buruz argitaratu dituen azken datuekin. Euskal Estatistika Erakundearen arabera, 11.600 langabe gehiago eta 17.900 lanpostu gutxiago egon ziren 2010. urteko azken hiruhilekoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Emaitzek harri eta zur utzi zuten Eusko Jaurlaritza, eta horien fidagarritasuna zalantzan jarri zuen Javier Ruiz Lan sailburuordeak.

Zenbaki horiek aintzat hartuta, 2010eko amaiera aspaldiko txarrena izan da enpleguarentzat. Hain zuzen ere, azken lau urteotan soilik hiruhileko bat izan da eskasagoa: 2009ko lehen hiruhilekoa. 2008ko udazkenean Lehman Brothers inbertsio bankuak porrot egin zuen, eta, horren ondotik, ekonomia globala nabarmen erori zen.

Langabeziaren datuak gobernuaren aurreikuspenak zapuztu ditu. Inkesta bera hartuta, urteko azken txanpan enplegu sorrera garbia egongo zela ziurtatu zuen Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, esaterako. Haatik, Ruiz Lan sailburuordeak adierazi du badaudela enplegu galera ez dela gertatu dioten «neurgailu objektiboagoak». «Ez dirudi 2010eko azken hilabeteetan enplegu galera berezirik izan zenik», Ruizen hitzetan.

Neurgailu horien artean, enplegu zerbitzu publikoetako langabezia errolda eta Gizarte Segurantzaren afiliazioa aipatu zituen Ruizek. 2010. urteko azken bost hilabeteetan enplegu zerbitzuen erroldan izena eman dutenen kopurua handitu egin zen. Urria eta abendua bitartean, hain zuzen ere, 5.468 gehiago izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eustatek adierazi duenaren erdiak.

Azkenaldian langabeziak izan duen igoera azaltzeko beste argudio bat erabili du Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, gutxieneko diru sarrera bermatzeko errenta jasotzen jarraitzeko, onuradunak enplegu zerbitzuetan izena eman behar izatera behartu ditu gobernuak. Betebehar horrek «zenbaki guztiak aldrebestu» dituela argudiatu zuen Ruizek. Tramite hori bete izanak inkesta batean eragina duen ez da horren argia.

Hasiera batean, Eustatek ez du inolako aldaketarik ezarri Populazioa Jardueraren Arabera inkesta egiteko sisteman. Datuek harridura sortzen dute, betidanik langabeziaren inguruko daturik onenak ematen zituen neurgailua izan delako. 2010eko hirugarren hiruhilekoan 92.500 langabe eman zituen EAErako; INE Espainiako Estatistika Erakundeakargitaratzen duen Populazio Aktiboaren Inkestan, berriz, 104.300 izan ziren. Langabezia erregistratuan beti langabe gehiago agertzen dira.

Okupatutako pertsonen kopuruan ere INEk baino datu hobeaak eman izan ditu Eustatek. 2010eko hirugarren hiruhilekoan 19.000 okupatu gehiago zenbatu zituen Eustaten inkestak. Bi inkestek metodologia bera jarraitzen dute, eta alde esanguratsu bakarra da Eustatek unibertso zabalago bat hartzen duela kontuan. Astebete barru, hilaren 28an, joan den urteko azken emaitzak jakinaraziko ditu INEk, eta ordura arte itxaron beharko da Eustatek enpleguan irudikatu duen argazkiarekin bat datozen edo ez ikusteko.

Emaitzetan gertatzen diren alde handien jatorria zein den ez dakiela adierazi du Eustatek behin baino gehiagotan. Kritika batzuk ere jaso izan ditu, hori dela eta. Garai batean, sindikatu batzuek langabeak «ezkutatzea» egotzi zioten, baina estatistika erakundeak beti ukatu izan du akusazio hori.

Langabezia, %10etik gora

Inkestaren emaitzei dagokienez, langabezia tasa %10etik gora kokatu du Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hain zuzen ere, 104.200 langabe zenbatu ditu, krisia hasi zenetik kopururik handiena, eta orain dela urtebete baino 13.800 gehiago. Gipuzkoak izan du igoerarik handiena, 6.900 langabe gehiagorekin. Gizonen arteko langabezia tasa %10,5ekoa da, eta emakumeena, %9,2koa. Daturik txarrena gazteena da, 16 eta 24 urte bitartekoen %28k lanik ez dutelako.

Okupazioaren jaitsierak sektore guztiei egin die kalte. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, zerbitzuek 12.300 lanpostu galdu dituzte, eraikuntzak 4.300 eta industriak 2.000. Nekazaritzak, berriz, 700 lanpostu irabazi ditu. Orotara, 2009. urtearen amaieran baino 9.100 okupatu gutxiago daude. Urteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan gora egin zuen okupazioak, baina irabazitako guztia galdu da azken txanpan.

Urtebetean kontratu mugagabea duten pertsonak 34.500 gutxiago dira. Aldi baterakoa dutenak edo ez dutenak, berriz, 25.600 gehiago dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.