gabonetako saria

Jaurlaritzak Gabonetako sariaren ordainketa eten du

Auzitegi Konstituzionalaren erabakia onartu du, bat etorri ez arren. Horregatik, helegitea jarriko dio. Hala jakinarazi berri du Jaurlaritzak ohar bidez. 67.000 langile publikori eragingo die erabakiak: ez dute lansaria jasoko.

Berria.info
2012ko abenduaren 11
22:08
Entzun

Jaurlaritzak berretsi du "azken unera arte" EAEko eskumenen alde egin duela, eta "erantzukizunez eta koherentziaz" jokatu duela. Zenbait iturriren arabera ordainketa hasi ondoren eten du; dirua jaso dutenei atzera kendu diete.

Auzitegiaren jakinarazpena ofizialki jaso ostean, hori betetzeko beharrezko neurriak hartuko zirela iragarri du aurretik. Auzitegiaren ebazpena "funtsarik gabekoa" dela iritzi dio.

Gaur goizean Idoia Mendia Jaurlaritzako jarduneko eledunak esan du exekutiboak ez zuela oraindik ebazpena jaso, eta berretsi du ordaintzeko agindua emanda zegoela eta prozedura ere amaituta zegoela. Jaurlaritzak atzo eman zuen ordainketa prozedura martxan jartzeko agindua. Gaineratu du zerbitzu juridikoen esku utziko dutela ebazpena.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 2.500 langile publikok baino gehiagok jada jaso dute Gabonetako lansaria. Besteak beste, soldata Ipar Kutxan eta BBVAn jasotzen duten Ertzaintzako funtzionario ugarik azaldu dute dagoeneko jaso dutela aparteko lansaria.

Auzitegia, Konstituzioa eskuan

Espainiako Konstituzioaren 161.2 artikuluari erreferentzia egin dio auzitegiak, ordainketa behin-behinean eteteko. Artikulu horren arabera, Espainiako Gobernuak helegitea jar dezake autonomia erkidegoen neurrien aurka, eta horrek berez uzten du etenda neurria.

Bost hilabete igaro baino lehen etete hori berretsi edo bertan behera utzi beharko du auzitegiak. Halaber, Jaurlaritzaren erabakia abenduaren 5etik eten du Auzitegi Konstituzionalak. Egun horretan bertan aurkeztu zuen helegitea Madrilek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.