Gizarte laguntzak

Jaurlaritzak hatz marka bidezko identifikazioari eutsi dio DSBEaren erreforma proposamenean

Familientzako errenta igotzea aurreikusi du, eta zailago egingo du etxea partekatzea. Ordainaren eta lanbidearteko gutxieneko soldataren arteko lotura kendu, eta urtero aurrekontuen bidez eguneratzea jasotzen du. Gizarteratzeko "inplikazio aktiboa" neurtu nahi du, ordaina berrikusteko.

Beatriz Artolazabal, Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua. JUANAN RUIZ / FOKU
Ivan Santamaria.
2018ko apirilaren 27a
14:58
Entzun

Gobernua sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, gaur goizean erroldatu dute DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta aldatzeko proposamena. Eusko Jaurlaritzaren lege proiektu baten bidez egin beharrean, alderdiek bultzatutako lege proposamen bat izan da Amaia Arregi jeltzaleak eta Gloria Sanchez sozialistak aurkeztu dutena.

Jaurlaritzak joan den urteko ekainean erreformarako aurkeztu zituen oinarriak gertutik segitzen ditu proposamenak. Norabidea eta filosofia berberak ditu. Hau da, familiak saritzea, eta zailago bihurtzea harremanik ez duten pertsonen artean etxebizitza partekatzea.

Gobernuak iragarritako beste neurri polemiko bati eutsi zaio testu legegilean. Hain zuzen ere, Lanbideko zerbitzuen erabiltzaileak edota laguntzen onuradunak identifikatzeko "sistema biometrikoak" erabiliko direla jaso du.

Hatz marka bidezko identifikazioa martxan jarri nahi izan du Enplegu Sailak, eta eskaera horrek hautsak harrotu ditu. Margarita Uria Datuen Babeserako Euskal Agentziako buruak ohartarazi zuen halako baldintza bat ezin dela derrigortu, eta, ezartzekotan, borondatezkoa izan beharko lukeela. EAJren eta PSEren testuko zazpigarren xedapenak bakarrik dio "aintzat hartuko" direla datuen babeserako legediak ezarritako zehaztapenak.

DSBEaren onuraduna izateko baldintza nagusiek bere horretan jarraituko lukete. Salbuespenak salbuespen, gutxieneko adina kobratzeko 23 urte lirateke, eta beharrezkoa izango da gutxienez hiru urtez jarraian Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri batean erroldatuta egon izana. Esparru orokor horri salbuespen batzuk ezarri zaizkio, eta kasu batzuetan beharrezko errolda urteak bira jaitsiko dira.

Sistemaren aldaketa

Elkarbizitza unitatearen definizioan eta DSBEaren laguntza ekonomikoa finkatzeko sisteman aldaketa sakonak aurreikusi dira. Oro har, etxebizitza berean dauden pertsona guztiek unitate bat osatzen dutela dio, baina salbuespen batzuk ezarriko dira. Hau da, onartuta dago etxebizitza berean elkarbizitza unitate ezberdinak egotea, baina denbora mugatu baterako, eta baldintza batzuen arabera.

Ordaina kalkulatzeko adierazle berri bat sortuko litzateke: gutxieneko gastuen adierazlea. Neurgailu horrek zehaztuko du zenbat diru behar den hilero "oinarrizko betebehar arruntei" aurre egiteko. Pertsona bakar batek beharko lukeen dirua da.

Proposamenean, 455 eurotan ezarri da betebehar arruntak ordaintzeko diru kopuru hori. Aurrera begira, Eustatek emandako datuetan oinarritu beharko da horren kalkulua, gutxienez lau urtean behin. Eguneratzeko formulari dagokionez, orain arte errentak lanbidearteko gutxieneko soldatarekin zuen lotura kenduko litzateke, eta horren ordez urteko aurrekontuetan erabakitakoaren arabera gaurkotuko litzateke.

Gutxieneko gastuen adierazle horretatik abiatuta, osagarri batzuk aurreikusita daude unitateko pertsona ezberdinentzat, euren arteko harremanaren arabera. Kasu jakin batzuetan, etxe bakarrean bi elkarbizitza unitate egotea baimenduko litzateke, baina horietako bat "nagusia" lizateke, eta bestea, "bigarren mailakoa". Elkarbizitza unitate nagusiaren kasuan, horrela geratuko lirateke hileroko ordainak:

- Titularra: 659,75 €

- Titularra eta haren bikotea: 823,55 €

- Bestelako helduak (gehienez lau): 102,38 € gehiago bakoitzak

- Adingabe bat: 122,85 € gehiago

- Bigarren adingabea: 86 € gehiago

- Hirugarren eta laugarren adingabeak: 61,43 € gehiago

- Bosgarren adingabea eta hurrengoak: 49,14 € gehiago

- Gehienezko errenta: 1.228,5

Gaur egungo egoerarekin alderatuta, ordainak igotzen dira kasu gehienetan, harremanik ez duten pertsonek osatutako elkarbizitza unitateen kasuan izan ezik. Pertsona bakar batek hilero orain baino 15 euro gehiago lortuko lituzke; bikote batek, lau euro gutxiago; eta harremanik ez duten bi lagunek, 65 euro gutxiago. Adingabeak dituzten bikoteen hileroko ordainak gaur egungoak baino handiagoak lirateke: haur batekin 30 euro gehiago, birekin 116 euro gehiago, hirurekin 178 euro gehiago eta laurekin 239 euro gehiago.

Kontuan hartu behar da, edonola ere, gaur egun indarrean dauden errenten gehienezko kopuruei %7ko murrizketa ezarri zitzaiela 2012. urtean, eta beheratuta egon dira harrezkero. Era berean, azken bi urteotan gutxieneko soldataren arabera gaurkotu beharrean, Jaurlaritzak inflazioaren pareko igoera ezarri die. Bestalde, EAJk eta PSE-EEk defendatuko duten sistema berrian desagertuko litzateke etxebizitza alokairua ordaintzeko osagarria (250 €). Horren ordezkoa Etxebizitza Legearen barruan ari da garatzen gobernua.

Gizarteratzeko "inplikazioa"

DSBEa eskuratzearen truke, laneratzeko konpromiso bat sinatu behar dute onuradunek, pentsiodunen kasuan izan ezik. Beste baldintza eta betebehar batzuk ere ezartzen ditu legeak. Jeltzaleek eta sozialistek baldintza horien betetze maila propio berrikustea nahi dute, "inplikazio aktiboa" neurtuko duen koefizientearen bidez.

Zer esan nahi du horrek? Hasiera batean, koefiziente hori 1 izango da, eta elkarbizitza unitateak arrazoi ekonomikoak kontuan hartuta dagokion errenta osoa kobratuko du. Haatik, elkarbizitza unitateko kide ezberdinek baldintzaren bat urratzen edo betetzen ez duten neurrian, koefiziente hori murriztuko zaie, eta, ondorioz, gutxiago kobratuko dute. Hau da, zigor ekonomikoak modulatzeko aukera izango du Lanbidek, iraupenari eta kopuruari dagokionez, orain arte ordaina etetea edo ordaintzen segitzea aukera bakarra zenean.

Pentsiodunen egoera

Gaur egungo sisteman, pentsio urriak osatzeko tresna bihurtu da diru sarrerak bermatzeko errenta. Lege proposamenean, izaera hori bereiztea erabaki dute EAJk eta PSE-EEk, pentsiodunentzako DSBEa aparte araututa. Kasu honetan, ordaina jasotzeko eskubidea pentsiodunari eta haren bikoteari edo harekin bizi den beste pertsona bati soilik dagokio. Egun indarrean dagoen legeak hiru kide edo gehiagoko unitateak aurreikusten zituen.

Ordainetan ere igoera aurreikusita dago. Pentsiodun bakar batek gaur egun baino 52 euro gehiago jasoko lituzke. Bi pertsona badira, 62 euro gehiago lirateke. Kasu honetan ere ordainak %7 murriztuta egon dira 2012. urtetik aurrera.

Ordaina jasotzeko mugak ere berrikusiko dira. Errentaren eredu guztientzat, pertsona batek gehienez ere DSBEaren halako bost izan ahalko du ondarean. Gaur egun, lau aldiz gehiago da. Ohioko etxebizitza kalkulutik kanpo geratuko da, orain arte bezala, aparteko baliorik ez badu. Herentzian jasotako ondare bat berehala saltzea oso zaila bada eta premia egoera bat baldin badago, ez da aintzat hartuko muga definitzerakoan.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.