Jaurlaritzak helegitea jarriko die PPren murrizketei

Estatuko aurrekontuen aurkako errekurtsoa ere aurkeztuko dutela iragarri du Idoia Mendia bozeramaileak. Konstituzionalera jo aurretik Jaurlaritzak bilera bat egitea eskatuko dio Raxoiri, neurriak negoziatzeko. Bitartean, legebiltzarkide eta goi karguek Eguberritako aparteko lansaria ez dutela jasoko aurreratu dute. 

2012ko uztailaren 24a
21:50
Entzun

Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztuko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, Raxoiek hartutako azkeneko neurri sortaren aurka eta estatuko aurrekontuen aurka. Hala iragarri du gaur Idoia Mendia bozeramaileak, Gasteizen.

Funtzionariei Gabonetako lansaria kentzea, menpekotasun legeari egindako murrizketak eta saltokien ordutegiak luzatzea errekurrituko du Patxi Lopezen Gobernuak, besteak beste.

Espainiako Gobernua "Euskadirenak diren eskumenetan" sartzen ari dela ohartarazi du Mendiak. Raxoiek "erkidegoak uniformetu" nahi dituela esan du eta, horren aurrean, autogobernua babestuko dutela adierazi. Mendiaren iritziz, Gobernua "gehiegikeriaz" ari da erabiltzen Errege Dekretua, Jaurlaritzak "duen antolatzeko ahalmena" mugatuz.

Horrela, bi helegite aurkeztea erabaki du Jaurlaritzak. Batetik, estatuko aurrekontu legearen aurkakoa, "langileen antolaketan eskua sartzen duelako". Bigarrena, iragan astean dekretuz onartutako murrizketen kontrakoa; alegia,  funtzionarioen soldata, negoziazio kolektiboa, menpekotasun legea edota merkataritza arloko ordutegiak arautzen dituena.

Konstituzionalera jo aurretik Jaurlaritzak bilera bat egitea eskatuko dio Raxoiri, neurriak negoziatzeko. Bilera horrek porrot egingo balu, helegiteak aurkeztuko ditu. Mendiak azaldu duenez, sei eta bederatzi hilabete bitarteko epea dago horretarako.

Bitartean, aurreratu dute legebiltzarkide eta goi karguek Eguberritako aparteko lansaririk ez dutela jasoko. UPD eta PSE-EEren eskaerari jarraiki onartu da erabakia, "funtzionariei elkartasuna adierazteko". 

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak adierazi du helegiteak "itxura hutsa" direla, badakitelako aplikatu egingo dituztela. Murrizketen aurkako benetako jarrera erakusteko eskatu dio Lopezi, Gipuzkoak menpekotasun legearen aurrean egin duena adibidetzat hartuz. Helegiteak jartzeko erabakiarekin batera goi karguei aparteko dirua kenduko diela iragarri du Jaurlaritzak; "horretarako funtzionarioei ere murrizketak aplikatu behar zaizkie, beraz, zer ulertu behar dugu?", dio Agirrezabalagak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.