LAN ARLOKO BALANTZEA

Jaurlaritzak Lisboan zehaztu ziren enplegu helburuei eutsiko die

Bukatu berri den legealdian 55.000 lanpostu sortu direla adierazi du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, ia guztiak emakumeenak; prekarietatearen aurkako akordioa sustatu nahi dute

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2005eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
2010. urterako Lisboako goi bileran Europak enplegurako markatu zituen helburuak betetzeko ahaleginarekin aurrera egingo du Eusko Jaurlaritzak. Europako Batasunak egunotan helburu zehatzak alde batera utzi dituen arren, bide egokitzat jo ditu Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. «Nahiz eta helburu horiek bertan behera utzi, Euskadin xede horiekin engaiaturik jarraitzen dugu», azaldu zuen. Ibarretxek eta Joseba Azkarraga Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak legealdiko eta azken urteko enpleguari buruzko datuak eskaini zituzten, atzo, lehendakaritzan.

Enpleguaren alorrean hiru helburu zehatz finkatu zituen Europako Batasunak duela bost urte: 2010ean enplegu tasa orokorra %70 izatea; emakumeen enplegu tasa %60 izatea; eta 55 eta 64 urte bitarteko pertsonen enplegu kopurua %50 izatea. Alta, egunotan batasunak Lisboako estrategia berrikusi du Bruselan (Belgika), eta gaiari buruz onartu den ebazpenean konpromisoak ez dira aipatu ere egin.Bost urte falta badira ere, aurrerapauso ugari eman dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan helburuak betetzeko bidean. Esaterako, enplegu tasa orokorra %4,6 igo da 2001 eta 2004 urteen artean. Europako Batasuneko batez bestekoa gainditzen du, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) gaur egun.Lau urte horietan 55.000 lanpostu sortu direla azaldu zuen Ibarretxe lehendakariak. Enpleguaren hazkundea ia osorik emakumeei dagokie, 54.000 lanpostu haientzat izan baitira. Portzentajean ere esanguratsua da aldea: kopurua %45,7 zen 2001ean, eta 2004an %53,7ra igo da, zortzi puntu gehiago.

Langabezia %7,8koa da, eta okupazioa inoizko handiena

Urrutien dagoen helmuga 55 eta 64 urte bitarteko pertsonen enpleguari dagokio. Gaur egun %39,7 da adin tarte horren tasa, duela lau urte baino %3,7 gehiago. Lanpostuetan neurtuz gero, 15.000 gehiago. Hala ere, aurreko urtean %0,9 atzera egin zuen.

Langabeziaren garapena ere ona izan da azken lau urteotan. Kopuru orokorrak aintzat hartzen badira, 30.000 langabe gutxiago daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Portzentajean kopurua %11,1 izatetik %7,8ra pasa da, EBko batez bestekoen azpitik. Enpleguan bezala, emakumeak izan dira, batez ere, aldaketaren onuradunak. Lanik ez duten emakumeen kopurua %7 jaitsi da 2001etik; ia 24.000 pertsona. Gazteen eta urtebete baino gehiago langabezian dauden pertsonen zenbatekoa ere jaitsi da: 7.500 eta 19.000 gutxiago dira, hurrenez hurren. Guztira, 72.300 langabe daude INEMeko erroldan gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.Okupazio tasa, horrenbestez, kopuru historikoetan dagoela azpimarratu zuen Joseba Azkarraga Lan sailburuak. 2004an, guztira, 905.000 pertsona zeuden okupatuta EAEn. Gizarte Segurantzako afiliazioan ere islatzen da gorakada. 2001ean baino %6 gehiago daude afiliaturik, 889.643 lagun joan den urtea amaitu zenean.Aldi baterako kontratua duten langileak dira enpleguak izan duen garapeneko itzalik handiena. 2001eko eta 2004ko datuak parez parri jarriz gero, portzentaia ez da aldatu (%31,5). Gutxienez, eutsi egin zaio, 2003. urtea bukatu zenean %32,8 baitzen.Lan Sailaren datuen arabera, portzentajean aldaketarik sumatzen ez bada ere, horrek ez du esan nahi kontratu mugagabea duten langileen kopurua igo ez denik. Legealdi osoan 34.000 pertsona gehiago dira. Hala ere, aldi baterako kontratua duten langileak ere 16.000 gehiago dira. Aldi baterako kontratuen kopuru horretan dago, gainera, alderik handiena Europarekin. EBko batez bestekoa %13,3 da, ia 20 puntu gutxiago.

Prekarietateari aurre egiteko konpromisoa

Ibarretxe lehendakaria eta Azkarraga sailburua kezkaturik azaldu ziren prekarietatearen egoerarekin, eta datorren legealdian lortu beharreko helburuen artean murrizteko beharra aldarrikatu zuten. Azkarragak azaldu zuenez, joan den abenduan hausnarketa hasi zuten, eta asmoa administrazioaren, enpresaburuen eta sindikatuen arteko akordio bat lortzea da.

Prekarietatearen aurka borrokatzeko tresna egokien beharra baliatu zuen beste behin Lan sailburuak Madrili enpleguko eskuduntzak eskualdatzea exijitzeko. «Prekarietateari erantzun osoa eman behar zaio, sakona, eta horretarako onena tresnak geure gobernuaren eskuetan egotea litzateke». Ibarretxek iritzi horretan sakondu zuen, eta lan arlo propio bat izateak «energia gehiagorekin borrokatzea» ahalbideratuko zuela defendatu zuen.

-

2005. urterako aurreikuspenak





Ekonomiaren hazkundeari esker, 2003-2006 urteetarako Enplegu Planean finkatu ziren helburu batzuk dagoeneko aurten gaindituko dituztela espero du Lan Sailak.

Enplegu tasa: Ekonomiaren egoera lagun, urtea bukatzean %65,6koa izatea espero dute, aurten baino %1,4 gehiago. 2003-2006 enplegu planak %65ean finkatu zuen helmuga.

Emakumeak: Tasa emakumeen artean are gehiago, %2, igotzea aurreikusi dute. Planak finkatu zuen helburua (%50) gainditu dute, eta %56ra iritsiko da.

Jarduera tasa: Aurten zazpi hamarren gehiago izatera iritsiko dela uste du Sailak, %55,6raino, 2006ko helburua baino %0,6 gehiago.

Langabezia: Beheranzko joerari eustea eta 2005 bukatzean %7,2koa izango dela kalkulatu dute, aurten baino %0,6 gutxiago. 2006ko helburua bi hamarrenera geratuko litzateke

Gazteak: %12,1ean kokatu arte 0,5 jaistea aurreikusi dute, baina 2006ko helburua oraindik hiru puntura legoke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.