Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak ohartarazi du EAEk atzeraldian sartzeko arriskua duela. "Horretara bidean da", esan du gaur, Gasteizen. Ondorioz, aurreratu du balitekeela "inbertsioetan eta gastu arruntean murrizketa gehiago" egitea Jaurlaritzak.
Agirrek azaldu du azken zortzi hiruhilekoetan EAEko barne produktu gordinak gora egin duela, baina hazkundea geratu egin dela, eta horregatik dagoela atzera egiteko arriskua. Eustat estatistika erakundearen arabera, EAEko ekonomia 2011ko azken hiruhilekoan %0,6 hazi zen, eta 2010eko garai beretik %0,2 egin zuen gora.
Jaurlaritza 2012ko plan ekonomiko eta finantzieroa egokitzen ari da, sailburuak jakinarazi duenez. Estatuko beste erkidegoek bezala, ondoren Espainiako Gobernuari aurkeztu beharko dio.