Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak 56 langile kaleratzeko baimena eman dio Nervacero enpresari. Martxoaren 31 baino lehenbidalitako langileei beste lanposturen bat eskainiko diela agindu du zuzendaritzak, taldeko beste enpresetan edo azpikontratatutako enpresetan. Horretaz gain, erretiro aurreratuak bultzatuko ditu. Lan Sailaren arabera, kaleratze traumatikorik ez egiteko berme horiengatik onartu du espedientea.
Celsa Atlantic taldekoa da Nervacero, eta Trapagaranen du egoitza —Bizkaian ez du beste lantegirik Celsak, Gasteizen eta Santanderren (Espainia) ditu gertuenak—. Altzairu korrugatua egiten du, eraikuntzarako eta obra zibileko proiektuetarako, eta laurehun lagun inguru aritzen dira enpresan. Aurrez ere bi espediente aurkeztu zituen. Aurrena 2009an jarri zen indarrean, eta iazko irailean zen amaitzekoa. Epea bete baino lehen eskatu zuen luzapena zuzendaritzak, eta Lan Sailak onartu egin zion, aldaketa batzuk eginda. Aurtengo ekainaren 30era bitartean altzairu fabrika 54 egun ixteko baimena izan du enpresak, eta xaflatze planta, 28 egun.
Eskaeren jaitsierarekin arrazoitu du hirugarren espedientea. «Merkatuak gainbehera egin du, eta horrek eskaera falta eta galera ekonomikoen pilaketa eragin ditu». Negoziatzeko epean akordiorik ez zuten lortu zuzendaritzak eta sindikatuek. Hala, langileen sinadurarik gabe aurkeztu zuen dosierra Nervacerok. Lan Sailaren arabera, ordea, Lan Ikuskaritzaren oniritzia izan du espedienteak. Horretaz gain, plan sozial bat aurkeztu du enpresak, botatako langileak lanean non jarriko dituen azalduz.
ELA, haserre
Bestelako iritzia du ELAk. «Neurriz kanpokoa eta arrazoirik gabekoa» iruditzen zaio espedientea. Sindikatu horren arabera, ekoizpen kopuru jakin bat izan behar du Nervacerok bideragarria izan ahal izateko, eta 56 langile gutxiagorekin ezin da hainbeste produzitu, «eta eurek ongi dakite hori».
«Zuzendaritzak, berez, lantaldea murriztu nahi zuen, gero xantaia egin eta Nervaceroko langile guztien lan baldintzak okertu ahal izateko. Eta lortu egin du». ELAk adierazi du kaleratutako langileak enpresak kontratatzen dituen beste enpresa batzuetan hasiko direla lanean. «Aitortu du horrela merkeago ateratzen zaiola».
Jaurlaritzak onartu egin du Nervaceroren espedientea, emandako bermeengatik
56 langile kaleratuko ditu, baina enpresak agindu du beste lantegi batzuetan aurkituko diela lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu